Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Israelek Legebiltzarreko delegazioari ere Gazan sartzea eragotzi dio

Israelek Legebiltzarreko delegazioari ere Gazan sartzea eragotzi dio

2011/07/07
  • Giza eskubideak
  • Palestina
Eusko Legebiltzarreko lau legebiltzarkideri, tartean Aralarren legebiltzarkide Mikel Basaberi, Gazan sartzea galarazi dio Israeleko gobernuak.

Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeak antolatuta, Palestinara bidaia egin dute legebiltzarkideek, Eusko Jaurlaritzaren Kooperazio Agentziaren eta Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin. Palestinan giza eskubideen egoera bertatik bertara ezagutzeko asmoarekin joan dira eta euskal kooperazioak abian dituen proiektuen nondik norakoak ezagutzeko. Horretarako Gazako lurraldeetara sartzeko asmoarekin joan dira, eta Israelek sarrera eragotzi die.

Hala ere, bidaiarekin jarraitzeko erabakia hartu dute, eta gaur bertan, Palestinako iparraldean dagoen herri bat bisitatzeko asmoa dutela adierazi du Mikel Basabek. Legebiltzarkidearen iritziz, “gatazka honen konponbideak politikoa izan behar du, konponbide politikoa da konponbide bakarra, bake justua eta iraunkorra lortzeko; Israelek ez dauka hori horrela izateko asmorik, eta beraz, nazioarteak lan egin beharko du hori horrela izateko”.