Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Irauli ildoa aurkeztu dute gaur goizean

Irauli ildoa aurkeztu dute gaur goizean

2006/12/01
Hainbat aralarkidek Irauli ildo politikoa aurkeztu dute gaur hedabideen aurrean. Andoaingo Martin Ugalde kulturgunean egin dute aurkezpena, Joseba Azkarrak, Ainhoa Larrañagak eta Xabier Sasaruak, besteak beste. Irauli ildoa Aralar alderdiaren baitan sortu den pentsaera ildo bat da, Aralarren baitan ez ezik, ezker abertzale osoan eragin nahiko lukeena.

Aralar alderdiak, bere sorrerarik, etorkizuneko ezker abertzale zibil eta zabalerako -edo areago, ezker polo soberanista baturako- tresnatzat jo izan du bere burua. Etorkizuneko bilgune anitz horren oinarri izan beharko duten ekarpen ugari bezain garrantzitsuak egin ditu dagoeneko, besteak beste, gaur egun martxan den bi karrileko prozesuarentzat ere erreferentzia garrantzitsu izan direnak.

Gaur egungo eskenatokia, bere zailtasun guztiekin, norabide horretan sakondu beharra ikusten dugu, ekarpen berriak eginez, eta Euskal Herriak dudarik gabe behar duen etorkizuneko bilgune zabal hori beti ere begi bistan izanik. Hara, ezker subiranista osoari zabaldu nahi diogun gogoeta, plano estrategikoan eta ideologikoan:

  • Irekita dagoen prozesuan zelan egin aurrera
  • Ze nolako etorkizuneko ezker subiranista eraiki gura dugu

Herri burujabea:, Aniztasunetik elkarlana

Euskal Herriak, herri den neurrian, autodeterminaziorako eskubidea dauka. Gutxieneko demokratiko hori -beste batzuekin batera- aitortu eta gauzatzea, beharrezkoa da herri honek irrikatzen duen bake iraunkorrerako, eta inguruko herri eta komunitateekiko harremanak normalizatzeko. Horrek ez du zerikusirik helburu politikoekin. Aitzitik, gure helburu politikoak beste hauek dira: batetik, herri bezala garatu ahal izateko behar dugun independentzia eta bestetik, independentzia horren bidez garatzeko errazagoa izango den eraldakuntza soziala, alegia, ehkosozialismoaren baloreak gizartean garatzea, bere egitura eta funtzionamenduan ere txertatuz.

Euskal Herriak prozesu eratzailea bizi badu, ezker soberanismoaren baitan ere elkarlanerako aukera berriak zabaldu dira, egoera politiko berrian. Arrazoi ideologikoengatik eta estrategikoengatik sinisten dugu ezker soberanismoko bloke indartsu bat eraiki beharra dagoela; eta horretarako, gaur egun dauden indarren elkarlan bideari ekin behar diogu, ezker abertzaleko beste indarrekiko elkarlanetik hasita.

Indar metaketa hori ezinbestekoa da, batetik, gizarte eraldakuntzarako norabideak eskatzen dituen jarrera erradikalak (sustraikoak) eraginkorrak izateko; bestetik, ezkerreko bloke indartsua egotea baliogarria da eskubide politikoen alde borrokatzeko eta asko zailduko luke PNV-k Euskal Herriaren egituraketa politiko berri baterako aukera historikoa zapuztea, PSOErekin erreforma neoestaturario baterako ituna eginez (Katalunian gertatu denaren antzera). Prosezuan aurrera egiteko, burujabetzaren bidean pauso sakonak emateko, borrokatzeko, ezinbestekoa da ezker subiranistako bloque hori osatzen jardutea. Anitza eta, batez ere, mobilizatzeko gai dena, euskal gizartea aktibatzeko kapaza. Ez dago beste biderik; Ez dago atzera bueltarik; Ez da nahikoa ere ustezko ekidistantziatik enplazamendu hutsak botatzea.

Horretarako baina, beharrezkoa da elektoralismoa, oportunismoa eta sektarismoa alde batera uztea. Esparru horretako eragile politikoen borondatea behar dugu, elkarrekiko begirunetik eta aniztasunari bide emateko oinarrizko jarreratik hasi beharko duena. Norabide horretan pausuak emateko prest agertu nahi du Iraulik.

Gura dugun ezkerra: Autoeraketaren bidez gizartea eraldatzen, ehkosozialismoa

Gizarte-eredua eta gizartea bera sustraitik eraldatzeko nahiak finkatu behar du Aralarrek eta ezker subiranismoan eratu beharreko poloak garatu beharreko lan-ildoen norabidea. Horretarako, batetik, arrakastaren araberako orientazioari muzin egin behar zaio erakundeetako lanean, eta baloreetan oinarrituta lan egin; besteak beste, erabakiak hartzeko gaur egun jarraitu ohi diren prozedurak zalantzan jarriz, eta hiritarren partaidetza erabaki politikoen esparrura eramateko beharrezkoak diren mekanismoak aktibatuz; bestetik, kalera jaitsi eta esparru sozialean gizarte mugimenduekin orpoz orpo egin behar da lan. Zentzu horretan, gai sozialak lan politikoaren erdigunera ekarri behar dira, gaur inoiz baino gehiago.

Ezkerraren identitatea ez da eraikiko eskuin abertzaletasunaren programa politikoa muturrerago eramanez. Nazio-eraikuntzarako egitasmo demokratiko eta sozialista propioa izatetik abiatu beharra dago, paradigma berrietan oinarritu beharko duen egitasmoa. Ezkerrak etengabeko hazkunde materialean oinarritzen ez den gizarte hobekuntzarako eredu berriak garatu behar ditu: nork bere buruari mugak jartzean, gizabidean edo justizia sozialean, eta norbanakoaren zein kolektiboaren burujabetzan eta autogobernuan oinarrituko dena, bizi-esparru guztietan, Ehkosozialismoaren baloreetan alegia. Eraldakuntza sozialerako lanetan ere indarrak batzen hasteko garaia iritsi da.

Laburbilduz, kapitalismoari alternatibak sortu eta neoliberalismoaz bestelako ereduetan oinarritutako garapen bideari ekingo dion herri bezala jarduteko, gutxieneko demokratikoak eskuratu eta oinarriak ipintzen hasi behar dugu. Horiek helburu, ezinbestekoak ditugu ezker soberanismoaren baitako eragileen elkarlana, gai sozialak politikagintzaren erdigunera ekartzea, eraldakuntzarako sustraietara jotzea eta sare-moduko funtzionamendu bidez eraldakuntza gizartearen baitatik hastea. Ezker subiranistako blokea, mobilizatzeko gai dena. Eta horrek guztiak, hausnarketa eta jarrera berriak eskatzen dizkigu denoi. Horretan eragile aktibo izan nahi du Iraulik, eta eskua luzatzen die gaur bertatik, bide horretan lan egin nahi duten eragile zein gizabanako guztiei.