Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Iosu Murgia: "Bere obsesio espainolistaren ariete bezala erabiltzen du PSEk erregearen mezua ETBn"

Iosu Murgia: "Bere obsesio espainolistaren ariete bezala erabiltzen du PSEk erregearen mezua ETBn"

2010/12/24
  • ETB
  • aralar
  • Murgia
Gaur goizean, Aralar EITBko Bilboko egoitzaren aurrean bildu da, euskal telebista publikoak erregearen mezuaren igorpena salatzeko. Aralar Bizkaiko koordinatzailea Iosu Murgiak esan duenez, “PSE-PP gobernuak borroka identitarioa inposatzeko erabiltzen du ETB, baztertu behar zutela esaten zuten borroka identitarioa inposatzeko. Aurten, iaz bezala, Espainiako erregea ekartzen digute, eta euskal gizarteak nahi ez duen espainiar nazionalismoaren ikurra inposatzen digute”

Juan Carlos Borboikoa Espainiako indar armatuen buruzagia dela gogoratu eta gero, Murgiak azpimarratu duenez, “erregearen ikurra salatzen dugu, ez bakarrik ikuspegi abertzale batetik, ezker ikuspegi batetik ere guztiz gaitzesgarria da. Espainiako errege familia ekonomikoki Europako indartsuenetarikoa da. Oraindik ere, diru publikoak erabiltzen dituzte, eta krisi honen eragile lotsabakoak dira. Familia hori da langileok ordaindu eta boteretsuek sortu duen krisi honen arduradunetariko bat”.

Aralar Bizkaiako koordinatzaileak adierazi duenez, “pertsona hori, erregea, balore zaharkituen ikurra da. Egunero ari gara balore horien kontra borrokan eta, beraz, ez dugu behar ikur horien adierazlea den figura bat gu agurtzera etortzea. Gaurko agurra hobe lukete La Sextako ‘Mujeres ricas’ saioan igorri, euskal telebista publikoan baino. Gaurko egunak herrien arteko elkartasun eguna izan behar du. Euskal Herria herria da berez eta bere nortasuna indartuz elkartasuna adierazi nahi dio Espainiako herriari eta Europako herriei, baina erregerik eta telebista manipulaturik gabe”.