Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Independentistak eta Ezkertiarrak-ek Groenlandia eta Eskoziako ereduak jarraitzera deitu du, erabakitzeko eskubidearen inguruko gehiengo sozial eta politikoa egituratzeko

Independentistak eta Ezkertiarrak-ek Groenlandia eta Eskoziako ereduak jarraitzera deitu du, erabakitzeko eskubidearen inguruko gehiengo sozial eta politikoa egituratzeko

2009/06/04
  • Irazabalbeitia
  • Europako hauteskundeak
Inaki Irazabalbeitia Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko Euskal Herriko zerrendaburuak gaur goizean Iruñean egindako prentsaurrekoan gogoratu duenez, Europan azken 50 urteotan sortu dira estatu gehienak. “Eta beste batzuk ere sortzen ari dira, esate baterako, Eskozia eta Groenlandia. Groenlandian, esate baterako, azken aste honetan egin diren hauteskundeetan ezkerreko alderdi independentista batek irabazi ditu hauteskundeak. Euskal Herrian ere Goroenlandiako eta Eskoziako ereduak jarraituta, indarrak bildu behar ditugu erabakitzeko eskubidearen alde, bide zibil eta politiko hutsei helduta. Gehiengo sozial eta politikoa gara erabakitzeko eskubidearen alde gaudenak, baina gehiengo hori egituratzea lortzen dugunean, ez da estaturik egongo Europan gehiengo sozial eta politiko hori gelditzeko gaitasuna duena”.

Zentzu horretan, Europako egungo eredua aldatu beharra dagoela adierazi du. “Europaren eredu aldatu behar da. Bestelako Europa batera joan behar dugu hori lortzeko, estatuen Europatik, herrien Europara, herritarrekin batera egindakoa, eta herri eta eskualdeek ahots propioa izanen duten Europa”.

Irazabalbeitiak azpimarratu duenez, “Euskal Herria bezalako herri batek ahots propioa izan behar du Europan”. Gaineratu duenez, “Europa osatzen duten herrien erdiak baino gehiagok azkeneko mendean lortu dute bere independentzia, eta beraz, gure etorkizuna erabakitzeko bidea zabaldu behar zaigula. Gure herri honetan, abertzaleak eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunak gehiengo soziala osatzen dugu eta horrek isla izan behar du Europako Parlamentuan”.

Irazabalbeitiak gaur goizean Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Bertan izan dira Irazabalbeitiarekin batera Sabin Intxaurraga, Aritz Romeo eta Eva Aranguren hautagaiak eta Aralar zein EAko agintari nagusiak: Patxi Zabaleta eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileak, Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzailea, Koldo Amezketa EAko presidentea eta Maiorga Ramirez Nafarroako EAko burua.

Bestalde, Europa sozialaren esparruan, Europatik kanpo gure herrietara bizitza-baldintza hobeen bila datozen gizon eta emakumeen fenomenoari ezin diogula izkin egin azpimarratu du Irazabalbeitiak. “Eurapako Batasunak inmigrazioaren alorrean dituen politikak errotik aldatu behar ditugu.  Ezezko borobila ematen diogu Itzulerako Zuzentarauari, Lotsaren Artezarau moduan ezagutzen dena eta bertan behera uztea eskatuko dugu. Inmigranteak pertsona dira ezeren aurretik eta horrela tratatu behar dira”

Immigrazioaren alorrean hiru ardatz nagusi proposatzen ditu Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko Euskal Herriko zerrendaburuak: giza eskubideen errespetuaren irizpidea edozein migrazio-politikaren oinarrian egon behar du, tartean langile-eskubideak eta eskubide politikoak daudelarik; inmigranteen Europan sartzeko eratu diren mafia eta sareekin bukatu behar da, pertsonen trafikoaren amaitzeko neurri eraginkorrak hartu behar dira; jatorrizko herrialdeekin kooperazio-politika eraginkorrak bultzatu behar dira, bertakoen ongizatea helburu dutenak eta bertakoentzat bizitza duina izateko baldintzak sortuko dutenak: ez herri garatuetako enpresa multinazionalen eskulan merkearen harrobi edo lehengai merkeen iturri bihurtuko direnak.

Sabin Intxaurraga hautagaiak, bere aldetik, azpimarratu du Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioa osatzen duten alderdiak izango direla Europako Parlamentuan Hego zein Ipar Euskal Herrian ordezkaritza lortzeko aukera duena. “Hegoaldeaan, Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioaren bitartez, europarlamentario independentista eta ezkerrekoa izango dugu Europako Parlamentuan; eta Iparraldean, EA eta Abertzaleen Batasunak alderdi ekologistari emandako babesaren bitartez, gutxienez europarlamentari bat izango da. Beraz, ezkerrekoa, abertzalea eta ekologistak den orok bere burua ordezkatua izango du koalizio honetan”.