Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Independentistak eta Ezkertiarrak-ek garapen iraunkorraren eta Bardeetako tiro eremua ixtearen alde egin du

Independentistak eta Ezkertiarrak-ek garapen iraunkorraren eta Bardeetako tiro eremua ixtearen alde egin du

2009/06/03
  • Aritz Romeo
  • Europako hauteskundeak
Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Tuteran, eta bertan, PP eta PSOEren gezurretaz nazkatuta dauden guztiei botoa eskatu die, besteak beste, tiro eremua mantentzen dutelako Bardeetako inguru babestuan edo Kyotoko protokoloak esaten duenari jaramon egin gabe, Castejonen zentral termikoak egotea baimentzen dutelako. Nafarroako Erriberako herrian izan dira Aralar, EA eta Chunta Aragonesistako hautagaiak.

Egoera horren aurrean, Aritz Romeo Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko hautagai nafarrak esan duenez, “PSOE eta PPren alderdi interesen eta interes zentalisten aurrean, Nafarroako eta Euskal Herriko herritarren interesak defendatuko ditu gure hautagaitzak. Europa berria eraiki nahi dugu, sozialagoa, eta ingurumenaren errespetua aintzat hartuko duena”.

Romeok ohartarazi duenez, “gaur egun bizitzen ari garen krisi ekonomiko gogorrarekin, EREa pairatzen ari diren langileei edo langabezian daudenei gure elkartasuna agertu behar diegu. Erriberan langabeziaren tasa asko hazten ari da. Baina langabezian dauden pertsonei elkartasuna adierazteaz gainera, eskubide sozial berri batzuen aldeko apustua egin behar dugu, eta langileen eskubideak gaur egun egiten dena baino gehiago errespetatu behar direla aldarrikatzen dugu”.

Era berean, Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko hautagaiak esan du Erribera ezin dela bihurtu “Europako zaboretegia”. “Castejongo zentral termikoak eta tiro eremua ditugu hemen. Eta hemen eskuina eta eskuinaren gatibu den PSN daude agintean. Eta horien aurrean gaude foru hauteskundeetan, hauteskunde orokorretan eta orain Europako hauteskundeetan instituzioetan aldaketan izan behar direla defendatzen dugunok. Eta aldaketa nahi dugunok Independentistak eta Ezkertiarrak hautagaitzan gaude”.

Bestalde, Jose Luis Martinez Tarazonako zinegotziak eta Chunta Aragonesistako Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak agertu du oso pozik parte hartzen duela Euskal Herriko hautagaiekin batera ekitaldi politikoan. “Chuntarentzat Europa de los Pueblos – Verdes proiektua oso garrantzitsua da, herriak ezkerreko ikuspegi batetik ordezkatzeko aukera ematen duelako, eta Europa sozialago baten eredua defendatzekoa aukera ematen duelako”.

Sabin Intxaurraga hautagaiak, bere aldetik, “herri guztiek lekua izango duen Europa” defendatu du. “Ezkerreko eredu baten arabera eraikia, aurrerakoia, ekologikoa, bakezalea, gero legez kanpoko gudetarako edo inbasioetarako erabiliko diren tiro eremurik gabekoa. Hori Bush, Blair eta Aznarrek babestu zuten, baina baita Durao Barrosok, orain Zapateroren PSOEk babesten duen hautagaiak”.