Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ikastetxeetako jantokien kudeakea ikastetxeek aukeratu dezaten defendatuko du Aralarrek Legebiltzarrean

Ikastetxeetako jantokien kudeakea ikastetxeek aukeratu dezaten defendatuko du Aralarrek Legebiltzarrean

2010/10/14
  • Maeztu
  • Garraio Saila
Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk guraso elkarteen eskari bati jarraituz egin du ekimena, eta Legebiltzarrak bere proposamena babestea espero du, biharko osoko bilkuran.

EAEko ikastetxeetako jantokietan ematen den janariaren kalitateak eta jakien ekoizpenak kezkatuta ditu guraso asko. Horregatik, zenbait ikastetxek jantokien auto-kudeaketa egitea erabaki du: jantokiko arduradunek erosten dituzte kalitatezko lehengaiak eta beraiek prestatzen dute umeek jango dutena. Hala ere, EAEko jantokien funtzionamendua arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren aginduan (2000ko martxoaren 22koa), ez da aukera hori jasotzen eta katering enpresen ezinbestean egin behar dute bitartekari lana eta beraien esku uzten da jantokia lehengaiez hornitzearen ardura.

 

Aralarren legebiltzarkide Dani Maezturen iritziz “zenbait kasutan nahiago izaten dute kudeaketa zuzena: jantokiko arduradun eta langileek tokian tokiko produktuak edo gertukoak erosten dituzte eta jantokian bertan beraiek prestatzen dituzte, bitartekari gabe”. “Baina Hezkuntza sailaren agindu hori hor dagoen bitartean ez zaie ikastetxeei auto-kudeaketa egiteko aukera ematen, eta gure iritziz ikastetxe bakoitzak askatasuna izan beharko luke kudeaketa mota aukeratzeko”, azaldu du legebiltzarkideak.

 

Ildo horretatik, Aralarrek guraso elkarteen kezka jaso eta Eusko Legebiltzarrean bihar eztabaidatuko den proposamena aurkeztu zuen, “ikastetxeen auto-kudeaketa eta osoa ahalbidetzeko”. Ekimenean Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio “beharrezkoak diren aldaketak egitea, ikastetxeen autonomia bermatze aldera eta erabakitzeko aukera emateko: janaria bertako sukaldean prestatu ala katering enpresaren bitartez zerbitzua eskaintzeko”. Aralarrek egiten duen proposamenak ere jasotzen du auto-kudeaketa egin nahi duen ikastetxeari beste eredua aukeratzen duten ikastetxeei ematen zaizkien baliabide berdina izan eman behar zaizkiela.

 

Aralarren legebiltzarkideak adierazi du “elikadura-subiranotasunean urrats bat ematea izan daitekeela eta horretarako administrazioaren sinergia aprobetxatu daitekeela: bertoko nekazaritza eta abeltzaintza bultzatzen da; jakien ekoizpena gertuko pertsonen esku uzten da, ikastetxeko langileen esku, alegia; eta kalitatezko produktuak izango direla bermatzen da”. “Gainera, jantokiak kudeaketa zuzena izateak ez du esan nahi ume bakoitzak ordaindu behar duen kuota igoko denik eta baditugu dagoeneko horren adibide batzuk”, gogoratu du Maeztuk.