"Herri honetako eragile politikoak garen heinean murrizketa politikei aurre egiteko erantzukizuna dugu"
Testu osoa
Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak alderdiok Hego Euskal Herruko lau hiriburuetan deitutako manifestazioen bezperan, agerraldia egin nahi izan dugu, Mariano Raxoiren Gobernutik herri honetako langileen kontra egunetik egunera iragartzen diren erasoei erantzuteko beharra berresteko. Azken neurrien berri gaur izango dugun arren, jakin badakigu zer espero daitekeen krisia eragin duen eredu ekonomiko baten eredugarri den presidentearengandik, greba orokorra ere merezi duena, berak aitortu duenez.
Zorionez, Euskal Herrian ezkerrak frogatu egin du sistema atzerakoi bati aurre egiteko gai dela, desberdintasunak sortu besterik egiten ez duen ereduaren aurrean erresistentziak eraiki eta erantzuteko gai dela. Eskumak Madrilen duen gehiengo absolutuaren aurrean, Euskal Herrian eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoa osatu behar dugu erasoaldi honi kontra egiteko; porrot egin duten eredu kapitalistaren aurrean alternatibak eskaintzeko.
Atzo bertan ikusi genuen herri honetako langileak ez daudela Madriletik zuzendu eta Lakuak zintzo berregiten dituen murrizketa eta lan eskubideen urraketen aurrean geldi egoteko asmorik. Sindikatuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deitutako lanuzteekin bat egin zuten milaka langileek, argi erakusten dute Euskal Herrian lan eskubideen alde eta gizarte zerbitzuen defentsan borroka egiteko prest gaudela.
Langile horiei eta gainerako euskal herritarrei dei egiten diegu gaur bihar Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak bete ditzaten “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku: Eraldaketa sozialaren alde” lemapean. Euskal Herriko gizon eta emakumeak deitzen ditugu, langileen duintasunaren kontrako erasoen aurrean elkarrekin erantzun dezagun; egoeraren araberakoa baino, krisialdia sistemak eragindakoa dela dakigunon artean erresistentzia eraikitzen hasi beharra dugu. Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dutenei dei egiten diegu, erabakiak elkarrekin hartu eta gure herriaren burujabetzaren aldeko apustua aldarrikatzen dutenei. Herri gisa egiten dugun hautua errespeta ditzatela eskatzen duten guztiak atera behar dira bihar kalera.
Alderdi Popularraren Gobernuak ez du gure herria ordezkatzen; are gehiago, bere interesen kontra egiten du. Hego Euskal Herrian dagoeneko lanagabezian dauden 180.000 lagunen kontra bereziki. Lan erreforma eta gaur ezagutuko ditugun gainerako neurriek ez dute enplegurik sortuko, patronalaren mozkinak areagotzeko orain arte ezarri duten malgutasun neurri guztiek eta kaleratzearen merkatzeak egin ez duten moduan. Baina eskumak lan eskubide gero eta ahulagoak nahi ditu, gehien dutenek are gehiago izan dezaten.
Onartezina da lanbidearteko gutxieneko soldata 641 eurotan izoztu izana. Merkatuen diktadurari men egiten ez badiogu gertatuko zaigunaren eredugarri jartzen diguten Greziak berak ere, gutxieneko soldata handiagoa dauka, %17 handiagoa, hain zuzen ere. Bitartean, laguntza publikoak jaso dituzten bankuetako zuzendarien soldatak 600.000 eurora mugatu dituztela lorpen handia bailitzan saldu nahi digute.
Ez dute enplegurik sortuko sektore publikoan lanaldiak luzatuta edota hutsik dauden lanpostuak bete gabe; ezta 67 urtetik aurrera lanean jarraitzea bultzatzen. Lana sustatzeko kontratuarekin kaleratzea merkatuko dute berriz ere, horretarako besterik ez baitu balio. Era berean, duintasunaren aurkako erasoa deritzogu egunean lau orduko lanaldiak eta 320 euroko soldatak dituzten kontratuak proposatzeari. Mini-lanak deritzonak ez dituztela ezarriko ziurtatu ondoren, eta are prekarioagoak diren eredua erabili nahi dute.
Eta, beti bezala, emakumeek zigor bikoitza pairatuko dute, haiei kalte egiten dielako bereziki lan prekarietateak, emakumeek dituztelako lanaldi murriztu gehienak eta soldatarik txikienak. Pentsiorik baxuenak ere haiek dituzte, eta gogoratu behar dugu kanpainan adierazitakoaren aurka, pentsioak bizitzaren kostuaren oso azpitik gaurkotu dituztela.
Herri honetako eragile politikoak garen heinean murrizketa politikei aurre egiteko erantzukizuna dugu, haimaikagarren lan erreformari, eskubide indibidual zein kolektiboen urraketei eta nazioarteko finantza erakundeen menpe dauden botere publikoen menpekotasunari aurre egiteko. Elkarlana sustatu eta akordioak egin behar ditugu bestelako ekonomia posiblea eta beharrezkoa dela uste dugunon artean. Justua, parekidea eta ingurumena errespetatzen duen sistema behar dugu, espekulazioan oinarritzen ez dena. Murrizketa sozialen aurrean, Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak sistema publiko sendoa babesten dugu, kalitatezko zerbitzu sozial unibertsalak bermatu ez ezik enplegu duina sortuko duena.
Larunbat honetako manifestaziora ez ezik, Ezkerraldean hilaren 17rako hemen gaudeon alderdiok deitu dugun mobilizaziorako deia egiten dugu. Era berean, hainbat sindikatu eta eragile sozialek 25ean Bilbon antolatu duten martxa ere babestuko dugu, Euskal Herriak eman behar duen erantzuna pairatzen ari garen erasoarekin proportzionala izan behar delako eta, horren arabera, egin daitezkeen mobilizazio guztiekin ere ez da nahikoa izango.
Badakigu eskumak murrizketa gehiago gordetzen dituela, banka, patronala, rating agentziak eta Europako Batzordea gustura egon daitezen lan egiten jarraituko duela; pribatizazioak, kopagoak, sistema publikoaren desegitea, natur baliabideen kontrako erasoak… Guztiok dakigunez, martxoaren 25eko Andaluziako hauteskundeen ostean etorriko dira neurri berriak, merkatuen, bankaren eta patronalaren aginduteara inolako konplexurik gabe jokatu ahal izango duelako orduan PPk. Euskal Herriko ezkerrak kaleak hartu behar ditu erreforma hauek salatu eta atzera eragiteko, lan harremanen esparru propioa aldarrikatzeko, bestelako eredua eraikitzea ahalbidetuko diguna, justizia sozialean eta aberastasunaren banaketan oinarritutakoa. Manifestazioaren lemak ondo dioenez, erabakia gure esku dago.
Euskal Herrian, 2012ko otsailaren 10ean


