Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Gobernuari bake hezkuntzarako plana “aldaketaren ikur” bihurtu nahi izatea leporatu dio Aralarrek

Gobernuari bake hezkuntzarako plana “aldaketaren ikur” bihurtu nahi izatea leporatu dio Aralarrek

2010/05/20
  • ezenarro
  • bakea
  • biktimak
  • hezkuntza
Aintzane Ezenarro parlamentuko Aralarren bozeramaileak hala iritzi dio, Eusko Legebiltzarrean Bake Hezkuntzan planaren bertsio osoa eskatzeko ekimenaren defentsan. “Gobernuaren helburua ez da bake hezkuntza denon artean adostea”, salatu du Ezenarrok. “Bakerako hezkuntza aldaketaren ikur bihurtzea bilatzen du Lopezen gobernuak”, hala adierazi du Ezenarrok.

Giza eskubide guztien defentsan eta indarkeriak ez dituela gatazkak konpontzen, areagotu baizik, bi printzipio horietan ados egonik ere, “gobernuak akordio prepolitiko horretatik aldendu eta gizartean eta politikan adostasunik ez duen analisi politikoa eskolara eraman nahi du”. Hala adierazi du Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok osoko bilkuran. Gobernuak bake hezkuntza plana horretarako baliatu nahi duela salatu du; alegia, zentralitatea ikasleek izan beharrean terrorismoaren biktima batzuek bakarrik izan dezatela, batetik, eta erakundeen legitimazioa lortu, bestetik. Are gehiago, “edukietan kale egiteaz gainera, formetan ere kale egin izana” leporatu dio gobernuari. “Bigarrenez ere, ez talde parlamentarioekin ezta hezkuntza komunitatearekin ere ez du adostu bake hezkuntza plana”, adierazi du Ezenarrok. “Onartezina iruditzen zaigu, adostasunik zabalena lortzeko aitzakian, eta lehengoa konpontzeko saiakeran, berriro ere adostasuna zeren gainean lortu behar dugun ez jakitea, ez baitugu legebiltzarreko taldeok bake planaren testu “berria” jaso”. Ezenarrok salatu duenez, “horrek agerian uzten du gobernua ez dabilela bake hezkuntza denon artean adostu nahian, bake hezkuntza aldaketaren ikur bihurtzen baizik”. “Izugarrizko arduragabekeria da bake heziketa baliabide politiko huts bihurtzea”, gehitu du Ezenarrok.

Ezenarrok adierazi duenez, “biktimei errekonozimendu eta erreparazio osoa zor zaiela aitortuta ere, erakundeen kontua da hori ez gure umeena”. Ildo horretan, eskolak eta “irakasleek askotan bakardade osoan bakean hezteko egindako lana aitortzea” eskatu du Ezenarrok. “Inork ez du legitimatu indarkeria eskoletan. Bakerako hezkuntza eta giza eskubideen aldeko lana egin dute eskoletan, gu geuk guztiok horretan hasi baino askoz ere lehenagotik”, gogoratu du Aralarren bozeramaileak.

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio aurkez diezaiela Legebiltzarreko talde guztiei, ahalik eta denborarik laburrenean, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko hezkuntzako euskal planaren birformulazioaren eta indarrean dagoen Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko hezkuntzako euskal planaren testu bateratuaren borradorea, azalduz, zehazki zer den aurreko planetik mantentzen dena eta zer, aldatzen dena. Horixe da Aralarrek Legebiltzarreko plenoan defendatu duena. Aldiz, PSEk, PPk eta UPyDk, nahiago izan dute, euren testu alternatiboa egitea eta, Aralarrek egindako ekimena bertan behera geratu da.

Albiste erlazionatuak