Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Giza Eskubideen zuzendariak uko egin dio Felipe Gonzalezen hitzak baloratzeari eta kalifikatzeari, Aralarrek hala eskatu dionean

Giza Eskubideen zuzendariak uko egin dio Felipe Gonzalezen hitzak baloratzeari eta kalifikatzeari, Aralarrek hala eskatu dionean

2010/11/17
  • eskubideak
  • ezenarro
  • biktimak
  • giza
Aralarren legebiltzar taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendariari leporatu dio "euskal gizarteari adierazi dion errespetua falta leporatu dio eta gaitzetsi egin du Legebiltzarrean egin duen lehenengo agerraldian euskal gizartea anestesiaturik eta lokarturik egon dela esan izana. Era berean, salatu egin du GGEEn Zuzendaritza lehentasunezkoa ez izatea Jaurlaritzarentzako eta biktima batzuekiko beste batzuekiko baino sentiberatasun gehiago adieraztea.

 

Aintzane Ezenarrok “desegokitzat” jo ditu, Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Ines Ibañez de Maeztuk, Legebiltzarreko lehenengo agerraldiak egin dituen adierazpenak. “Euskal gizarteari errespetua galdu dio. Ez da egia gizartea anestesiaturik eta lokarturik egon denik indarkeriaren aurrean. Euskal gizartea beti egon da indarkeria guztien kontra eta hala adierazi du beti, gobernuak ikusi nahi ez badu ere, eta aldaketaren gobernuaren ondorio dela sinetsi arazi nahi badigute ere”, leporatu dio Ezenarrok.

Aralarren bozeramailearen iritziz, “GGEEn zuzendaritza ez da lehentasunezkoa gobernuarentzako. Horixe sumatu du gizartearen zati handi batek; hau da, gobernuak eta GGEEn zuzendaritzak giza eskubideen urraketen aurrean ikuspegi murritza dutela eta, gainera, GGEEn zuzendaritza ez dela lehentasunezkoa gobernu horrentzako”. Horren adibide da, Ezenarroren iritziz, motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko txostenaren atzerapena, "Legebiltzarrak aho batez hartutako agindua izan zen arren. Jada kontua ez da bakarrik txostena atzeratu egin dela, baizik eta gobernua gogoz kontra ari dela gai horretan lanean”. Aralarren bozeramaileak gogoratu duenez, “memoriaren egunak egiten dira, motibazio politikoak eragindako biktimak kontuan hartu barik, eta aitzakia omen da txostena egin gabe dagoela”. Ezenarrok gogora ekarri du aurreko legegintzaldian GGEEn zuzendaritzak jada aurkeztu zuela txosten bat eta aldarrikatu du “biktima ez duela txostenak egiten, bizitakoak egiten zaitu biktima. Pertsona horiek biktima dira, Jaurlaritza txostenarekin atzeratu  ibili ala ez”. Horregatik guztiagatik, Ezenarroren iritziz, “gobernuak bere ekintzekin adierazten du biktima batzuekiko sentiberatasun gehiago duela beste batzuekiko baino”.

Bestale, GGEEn zuzendariaren agerraldian, bozeramaile abertzaleak Jaurlaritzari eta GGEEn zuzendaritzari leporatu die Felipe Gonzalezek egindako adierazpenak ez gaitzetsi izana. Ezenarrok adierazi du “onartezina” dela Gonzalezen hitzak bakarrik “zoritxarrekoak” izan zirela esatea –Idoia Mendia bozeramaileak egin zuen moduan–. Hori dela eta, GGEEn zuzendariari bere iritzia eskatuta, erantzuteari uko egin dionez –‘orain ez da unea’ aitzakiatzat hartuz–, Aralarrek GGEEn zuzendariaren agerraldia eskatu du “ez delako onargarria isilik geratzea estatu terrorismoaren apologiaren aurrean” eta Gonzalezen adierazpenek merezi dioten iritzia ezagutzera eman dezan.

 

Albiste erlazionatuak