Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: "Konstituzionalak zuzenean galdegiten dio PSEri eta Kataluniako ereduaren alde egiten zutenei"

Ezenarro: "Konstituzionalak zuzenean galdegiten dio PSEri eta Kataluniako ereduaren alde egiten zutenei"

2010/07/13
  • estatut
  • ezenarro
  • lopez
  • balorazioa
Aralar legebiltzar taldeak urte politikoaren balorazio "negatiboa" egin du. Aralarren iritziz gobernuak bere "ikasgai guztiak suspenditu ditu". Era berean, taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarroren ustez, "Lopezek gizartearen gehiengoaren ordezkari izateari uko egin", eta gainera "ez da horretaz ohartu". Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren haritik, Ezenarrok esan du zuzenean alderdi sozialistari galdegiten diola "estatutu politiko berriari Kataluniako eredua kontrajartzen baitzion". Ezenarrok ute du alderdi sozialistaren eta lehendakariren ardura dela erantzutea "zertarako balioko digun ezberdinen arteko akordioak Euskadin gero errespetatu behar ez bada". "Horixe da lehendakariak eta alderdi sozialistak erantzun behar dutena, herri honetarako akordio nazionala bilatzeaz batera".

 

Prentsaurrekoaren testua osorik

Ikasturte politikoaren balorazioa ezin daiteke negatiboagoa eta okerragoa izan. Gobernuak ikasgai guztiak suspenditu ditu eta irailerako utzi ditu arlorik garrantzitsuenak.

Gizartearen gehiengoaren iritziz ez du gainditu (5etik batek bakarrik aprobatzen du bere kudeaketa), are gehiago, gainontzeko talde parlamentarioek ere suspentsoa jarri diogu, baita babesa ematen dietenak ere.

  • Arlo ekonomikoan norabiderik ez duen gobernu baten aurrean gaude: ikasturtea hasi zuen inoiz ezagutu ez dugun zorpetze mailarekin;  aldiz, ikasturtea gastua murrizten amaitu du, sindikatuekin egindako akordioa modu aldebakarrekoan apurtuz. Norabide eza ikusten da hor, gastuak handitu ondoren gastuak murrizteko.

  • Bere programa ez du bete, ezta bere lege egutegia ere. Legebiltzarrean hartutako konpromiso bakarra lege egutegia izan da eta hori ere ez du bete. Elkarrizketari uko egin dion gobernu baten aurrean gaude, gairik garrantzitsuenetan, eta oposizioak egindako proposamenetan, ezezkoa izan dugu erantzun bakarra. Kasu batzuetan salbuespenak egon badira ere, gehienetan ezezkoa izan da erantzuna. Eta, beraz, bere hitza bete ez duen gobernu baten aurrean gaude, bere egitekoa bete ez duen gobernuaren aurrean eta bere konpromisoa gainontzeko taldeekin eta gizartearekin, kontratu soziala deitu zuen hori ere, bete ez duen gobernu baten aurrean. Errealitate hau objektiboa da guztiontzat, alderdi sozialistarentzat izan ezik; deigarria iruditzen zaigu nola saiatu diren gobernu frentista bat ez direla esaten eta horretarako argumentu oso arinak botaaz: esanez, 55 zuzenketa adostu dituztela beste taldeekin. Esan ez dutena da gairik garrantzitsuenetan adostasunik ez dela egon: Euskadi 09, aurrekontuei zuzenketarik onartu ez, bake hezkuntza plana, Euskadi eguna eta aurrekontuen murrizketa PPrekin bakarrik adostu dute.Beraz, lege garrantzitsuenetan eta gairik garrantzitsuenetan PPrekin bakarrik lortu du adostasuna eta, askotan, UPyDrekin.
  • Alde batetik alderdi sozialista errealitatea ukatzen ari da eta bestetik oasi batean bizi den lehendakari bat daukagu, hori are larriagoa delarik. Euskal Herria "oasi politikoa" dela definitzen duen Lehendakari batek, edo ez du errealitatea bere horretan ikusi nahi, ez du ikusteko gaitasunik, edo bere gezurrak sinesten amaitu du. Lehendakari arduragabe baten aurrean gaude, daukagun arazo multzo guztien aurrean herri honen egoera oasi bezala definitzen badu. Eta horrela definitzen du, hain justu, uko egin dionean herri honetan dagoen beste gatazkari aurre egiteko, hau da, gatazka politikoari. Arazo honi aurre egiteko uko egin dio, bere programa elektoralean jasotzen zuenaren kontra. Eta, gainera, Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak lurrera bota du goitik behera alderdi sozialistaren betiko tesia: euskal gatazka ez zela Euskadi eta estatuaren arteko arazoa, baizik eta euskaldunon arteko arazoa. Sozialistek behin eta berriz esan dute ezberdinen arteko akordioa bilatu behar dela, hau da, eredu katalana jarraitu behar zela. Baina, eredu katalana goitik behera bota duenean Auzitegi Konstituzionalak, lehenengo galdera zuzentzen zaio alderdi sozialistari eta Patxi Lopezi. Baina Lehendakariak emandako erantzuna ez da arazoaren tamainakoa. Argi geratzen da, gutxienez, PSCk onartzen duela arazo bat baduela eta, gure kasuan, badaukagula herri honen gehiengoa ordezkatzen ez duen Lehendakari bat, herri bat bezala ordezkatzen ez gaituena, hori oso larria da.

Horren aurrean ezinbestean iruditzen zaigu gainontzeko guztiok, aterabiderik eskaintzen ez duen lehendakari baten aurrean, konfrontatu behar dugula erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka bazterketarik gabe. Eta abertzaletasunaren baitan dauden zenbait tentazio gure artean bazterketak egiteko alde batera utzi eta indarrak batuz Katalunian bezala, guztiok batera egin behar diogu aurre alderdi sozialistak eskaintzen digun aterabiderik gabeko soluzioari ezari.