Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarrok PP-PSEren estrategia ekonomikoari aurre egin beharra aldarrikatu du

Ezenarrok PP-PSEren estrategia ekonomikoari aurre egin beharra aldarrikatu du

2011/04/30
  • Krisi ekonomikoa
Aintzane Ezenarro krisiari beste irteera bat eman behar zaiola aldarrikatu du, ezkerretik eman behar zaiola esan du. Aralarreko legebiltzarkideak fiskalitatearen berrantolaketa bat eskatu du “gehien dutenek gehiago ordain dezaten, zerga politikak bere funtzio birbanatzailea izan dezan”. Donostiako udaletxearen aurrean egin du eskaria Aralarreko ordezkariak, alderdi abertzalearen Gipuzkoako zerrendaburu guztien aurkezpen ekitaldian. Bertan, Aintzane Ezenarrorekin batera, Laida Elizegi, Iratzarriko koordinatzaile ordea eta Ainhoa Beola, Donostiako alkategaia aritu dira.

Ezenarrok gogor salatu du egungo egoera ekonomikoa eta “PP-PSEren estrategia politikoari aurre egin behar" diogula adierazi du, "oinarrizko eskubideak ukatu nahi dizkiolako herri honetako zati bati, eta herri honen ukazioa eta bere erabakitzeko eskubidearen debekua planteatzen duelako". Era berean, "aurre egin behar diogu ere, indar berdinez, alor ekonomiko eta sozialean atzerapauso onartezinak planteatzen dituztenean, murrizketa sozial eta erreforma atzerakoiak bultzatzen dituztenean, urteetan langilegoak lortutako eskubideetan atzera eginez". Hala, EAJren kontraesana agerian utzi du Ezenarrok, "politika horiei babesa eman izan dielako Madrilen".

Aralarreko legebiltzarkidearen iritzian langabeziaren hazkundean zer ikusi zuzena dute “erakunde publikoetatik eman zaizkion erantzunek: murrizketa sozialak, kaleratzea merketu eta negoziazio kolektiboa ahuldu duen lan erreformak, edo inposatu nahi zaigun pentsioen erreforma atzerakoiak lana suntsitzeaz gain, langabetuen, pentsiodunen eta bazterketa sozialean erortzeko atarian dauden gizarte sektoreek oraindik ere babesgabetasun handiagoan utzi ditu”.

Egoera honen aurrean, Aintzane Ezenarrok esan duenez, Aralarrek ez ditu onartzen Politika “atzerakoi eta murriztaile” hauek aplikatzeko erabili duten argumentu bakarra: “ez zegoela beste aukerarik. Krisiari erantzuteko modu bakarra zorra jaisteko neurriak hartzea izan da, nahiz eta horrek ekonomiaren izoztea eta langabezia areagotzea besterik ekarri ez duen” salatu du.

Ezenarrok ezkerreko aukerak azpimarratu ditu “posible da krisi ekonomikoari beste erantzun bat ematea, erantzun soziala ematea, eta politika publikoen norabidea aldatzea: inbertsio publikoak sustatuz, kalitatezko lan publikoa eraginez, babes soziala areagotuz langabetu eta bazterkeria sozialean daudenentzat” eta bide horretatik abiatzeko ezinbestekotzat jo ditu iruzur fiskalaren kontrako politiken areagotze beharra eta iruzurra “ahalbidetzen duten zirrikituak itxi eta ikuskaritza areagotu”. Aralarreko ordezkariak zerga politiken aldaketa sakona eskatu du “gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten, zerga politikak bere funtzio birbanatzailea izan dezan”.

Bukatzeko, Ezenarrok, ordezkaritza publikoaren beste jarrera bat eskatu du krisiari ezkerreko irtenbide bat emateko “Bakea atzera ezina egitea, herri honen ukazioa eta langile eta langabetuen kontrako politikei aurre egingo dion ezker abertzale eraginkor eta indartsua eraikitzea da gure erronka eta gure eskaintza. Bide horretan aurrera egiteko eskatzen dugu herritarren konfiantza”.

Bere aldetik Ainhoa Beolak Aralarren egiteko modu desberdinak azpimarratu ditu, elkarte desberdinekin, pertsonekin elkarlanean egiteko modua “Gipuzkoako udaletan ezker abertzalea ezinbestekoa dugulako, bertan izango gara datozen 4 urteotan ere. Hiriak eta herriak, esker abertzale eraginkorretik kudeatu behar ditugulako, hitzetatik haratago, gainerako eragile politikoekin adostasunetara iritsiko gara, herritarrekin batera jardungo dugu, eta eragileen proposamenak gauzatzen saiatuko gara”.

Donostiarako alkategaik Aralarrek azken lau urte hauetan lan eraginkorra egin duela azpimarratu du  “eta Hitzetatik ekintzetara jotzen dakigulako, udalak Gipuzkoan ezkerrekoak eta abertzaleak nahi ditugulako, elkarlanean jarraituko dugu adostasunak ditugun guztiekin, eta desadostasunak ditugunekin akordioetara ere iristeko saiakerak egingo ditugu” gaineratu du.

To view this content the following requirements must be fulfilled:

  • Adobe Flash Player version 9,0,28,0 or later must be installed; download it now free
  • Javascript 1.2 or later must be enabled