Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarrok Jaizkibel konpainiari babesa eta elkartasuna adieraziko dio bihar Hondarribiko alardean

Ezenarrok Jaizkibel konpainiari babesa eta elkartasuna adieraziko dio bihar Hondarribiko alardean

2011/09/07
  • alardea
  • ezenarro
  • berdintasuna
Aralar legebiltzar taldearen bozeramaile Aintzane Ezenarrok iragarri duenez, Iñigo Lamarka Arartekoaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean. Herrizaingo batzordearen aurrean azaltzeko eskaria egin du Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek Jaizkibel konpainia mistoaren kontra hartutako erabakiaren inguruko bere kexaren berri eman dezan. Izan ere, Lamarka Herrizaingo sailak Jaizkibel konpainiari jarri dion debekuaren kontra agertu da.

Ezenarrok jada iragarri zuen Herrizaingo sailburuari Legebiltzarrera agertzea eskatu ziola. Are gehiago, Emakunderen agerraldia ere eskatu zuen, Aresen agindua ontzat eman zuelako, “nahiz eta bere jarrera konpondu nahian, datorren urtean Jaizkibel konpainiak ohiko ordutegi eta ibilbidea berreskuratzeko lan egingo duela iragarri duen”, adierazi du Aralarren bozeramaileak. Orain, Aresen, Emakunderen eta Jaizkibel konpainiako ordezkarien agerraldi eskariari, Arartekoaren agerraldi eskaria gehitu die, beraz, Aralarrek.

Era berean, Ares sailburuari eskatu dio bidal diezaiela Legebiltzarreko taldeei Jaizkibel konpainiaren kontra hartutako erabakia oinarritzen duen informea; “erabat arbitrarioa iruditzen zaigu hartutako erabakia, mistoaren ibilbidea eta ordutegia aldarazten duelako bakarrik. Segurtasunaren aitzakia ezin da inoiz berdintasunean parte hartzeko eskubidearen gainetik egon”, gehitu du bozeramaile abertzaleak.

Ezenarro Hondarribian izango da bihar, Jaizkibel konpainiaren alarde mistoan, Aralarren koordinatzaileorde Jon Abril eta Gipuzkoako batzarkide Rebeka Uberarekin batera, bai eta Ainhoa Beola (Donostiako berdintasun zinegotzi ohia) eta Iratzarriko ordezkari Laida Elizegirekin batera “emakumeak ikusiezin bihurtu nahi izana salatzeko, noiz eta, 15 urteko borrokaren ondotik, herrian giroa normaltzen hasita zegoenean”.