Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarrok gobernuari eskatu dio ez dezala aplikatu LGSren izoztea gizarte laguntzak emateko orduan

Ezenarrok gobernuari eskatu dio ez dezala aplikatu LGSren izoztea gizarte laguntzak emateko orduan

2011/12/29
  • Gizarte politika
  • Legebiltzarra
  • EZENARRO
“Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) izozteak gutxien dutenek gutxiago izan dezaten ekarriko du”. Hala iritzi dio Aralarren Legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok Raxoik egin duen iragarpenaren aurrean.

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) legean jasotzaileak alde batetik, eta laguntzaren kantitatea bestetik gutxitzeko Patxi Lopezen gobernuak egindako murrizketen ondotik, Espainiako presidente Mariano Raxoik iragarri duen lehenengo neurriak, “ondorio are larriagoak ekar ditzake EAEn diru-laguntza hori jasotzen duten 56.000 herritarren artean”, adierazi du Ezenarrok. Ez dugu ahaztu behar DBE kalkulatzeko LGS erabiltzen dela, %88a, alegia. Hori dela eta, Aralarren bozeramailea Lopezi zuzendu zaio eskatzeko “ez dezala era horretako neurri murriztaile gehiago aplikatu gutxien dutenekiko, jada hartu baituten %82ra jaisteko erabakia”. Ezenarroren iritziz, “gutxienez KPIaren igoeraren proportzioari eutsi beharko lioke Lanbide arteko gutxieneko soldatak, eta horren haritik, baita DBEk ere; izan ere, LGS izoztuta, 658 eurotan geratuko da DBE, baina praktikak, eta Lopezen azkeneko erabakiari jarraituz, %7ko murrizketa aplikatuko zaio kopuru horri”. Hala “oso larritzat” jo du Ezenarrok Raxoik proposatutakoa, are gehiago, “Europako lanarteko gutxieneko soldaten rankinean azkenetakoa espainiar estatua dela gogoratzen badugu”.

Zentzu horretan, Lopezi exijitu dio “ez dezatela kontuan hartu lanbide arteko gutxieneko soldataren izoztea laguntza sozialak kalkulatzeko indizean. Era berean, “Zapaterok bere egunean iragarri zituen 800 eurotara igotzeko konpromisoari eutsi diezaiola” eskatu dio eta “murrizketak ez ditzala jada euskal herritar askorentzat ezinbesteko bihurtu diren laguntza sozialetan aplikatu. Are gehiago, erosmen ahalmena geroz eta txikiagoa den honetan”. Izan ere, azken bi urteetan batez beste %3 jaitsi da herritarren eros ahalmena eta kontuan izanik lan hitzarmen gehienak indize hori erabiltzen dutela lan baldintzak negoziatzeko “euskal langileen pobretzea areagotuko du Raxoik Espainiako presidente modura hartu duen lehenengo erabaki horrekin”.