Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarrok “joko bikoitzean aritzea” leporatu dio Lopezi, sozialistek sustatutako murrizketen ardura PPri egozteagatik

Ezenarrok “joko bikoitzean aritzea” leporatu dio Lopezi, sozialistek sustatutako murrizketen ardura PPri egozteagatik

2011/03/28
  • hauteskundeak
  • PP
  • ezenarro
  • lopez
“Ezin da gobernu eta oposizioa izaten aritu aldi berean”, leporatu dio Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok Patxi Lopez lehendakariari. “Ez da onargarria aurrekontuetan murrizketak egin eta egin ari den horrek orain ezkerraren bandera eskutan hartu eta PPren gain utzi nahi izatea politika sozialen murrizketen ardura”.

Ildo horretan, Euskadi Irratian izandako eztabaida politikoan, bozeramaile abertzaleak Lopezi gogorarazi dio ezin dela aldi berean gobernu eta oposizio izatera jolastu; “ezin da gastu soziala murriztu eta besteak egin horren arduradun, hain justu gobernu sozialista bi izan direnean politika neoliberalak egiten aritu direnak, merkatuen esanetara jarriz. Hala, “zinismo gutxiago” eskatu dio PSOEri.

Bestalde, Aralarren bozeramaileak adierazi duenez, “poztu egiten gara Europan ezkerrak izan duen indartzearekin”. “Frantzian eta Alemanian egin diren hauteskundeek ezkerreko indarrei eta batez ere berdeei Alemanian eman dien ordezkaritzak adierazten dute eskuinak azkenaldian izan duen gorakada geratzerik badagoela”. Ezenarroren ustez, “ingurumenaren inguruko politika iraunkorrak ezinbestekoak izango dira etorkizuneko gizarte ereduan bai eta krisialditik ateratzeko neurri gisa ere”.