Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarrok “garrantzitsutzat” jo du Otegik esan izana indarkeriaren erabilera politikoki ez dela eraginkorra

Ezenarrok “garrantzitsutzat” jo du Otegik esan izana indarkeriaren erabilera politikoki ez dela eraginkorra

2011/06/28
  • bakea
  • otegi
  • ezenarro
“Iraganaren berrikuspen kritiko horrek plano etikoaren analisira eta eragindako sufrimenduaren aitortzara garamatza”, adierazi du Aralarren bozeramaileak.

Radio Euskadin egin diote elkarrizketa Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrori. Han adierazi du Otegiren eta Diez Usabiagaren atzoko adierazpenak “oso garrantzitsuak” izan direla. “Aralarren hamar urtez esaten aritu garen hausnarketa egin zuen Otegik indarkeriaren erabileraren eraginkortasun politikoaz”. Are gehiago, “indarkeriaren erabilerak arazoak konpondu beharrean iraunkortu egiten dituela eta, beraz, soluzioa zaildu, aurrerapausoa da kontziliatutako elkarbizitzara heltzeko eta bakea iraunkorra izan dadin”.

Ezenarroren ustez “oso garrantzitsua da Otegik baieztatzea indarkeriaren erabilera ez dela politikoki eraginkorra hain justu ordezkatzen duen oinarri soziologiko horretan ere mentalitate aldaketa hori eman dadin”. Horregatik iritzi dio “oso garrantzitsua dela hitzez horixe adieraztea urratsa ematen delako plano etikoaren analisira eta eragindako sufrimenduaren errekonozimendura”. “Etorkizunari begira ere indarkeriaren erabilera izateko edozein tentazio zapuztu beharra dago eta horixe bera egin zuen atzo Otegik”, adierazi du Ezenarrok. “Hausnarketa hori egindako estrategia aldaketaren ondorio izanik gune soziologiko horren guztiaren mentalitate aldaketan bihurtu behar da”, gehitu du Aralarren bozeramaileak.

Hala ere, eta “justua denez, aurretik urrats horiek egin dituztenei egindako lana aitortzea, estrategia eta mentalitate aldaketa horren sustatzailea Patxi Zabaleta” izan dela adierazi du “ezker abertzalearen baitan lehenengo eta Aralar sustatzen gero. Izan ere, Aralarrek hamar urte daramatza hausnarketa horixe bera egiten, hau da, indarkeriaren erabilera ez dela politikoki eraginkorra”. Hori dela eta, “orain beste batzuk bide horretara etorri direla benetan harro sentitzen gara”, erantsi du Ezenarrok.