Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: "Ihesean eta hirugarren batzuetan ezkutatzen den gobernua da Lopezena"

Ezenarro: "Ihesean eta hirugarren batzuetan ezkutatzen den gobernua da Lopezena"

2011/05/04
  • ezenarro
  • lopez
  • gobernua
“Ihesean dabilen gobernu baten aurrean segitzen dugu, herri honi egiten dion eskaintza politikoa zein den zehazten ez duena”. Hala iritzi dio Aralarrek. Talde parlamentarioko bozeramaile Aintzane Ezenarrok Patxi Lopezen bi urteko gobernuaren balorazioa egin du. “Onartezintzat” jo du gobernuaren kudeaketaz egin duen irakurketa baikorra: “murrizketak eta lan eta pentsioen erreformak mimetismoz onartu ditu, zorpetzea inoizko mailara eraman du eta egin duen kudeaketa ezin txarragoa izan da”. Are gehiago, “herri honen gehiengoari bizkar emanda aritu den gobernua egitea” leporatu dio Ezenarrok Lopezi, “legealdi hasieran esan zuenaren kontra”.

Gobernuak bere bi urteko jardunaz egin duen balorazioaren aurrean, Aralarrek salatu egin “ihesean dabilen gobernu baten aurrean segitzen dugula eta herri honi ze eskaintza politiko egiten dion argi adierazi gabe”. “Eztabaida politikoa ekiteari uko egin dio gobernuak, oraindik herri honetan ezinbestekoa den akordio politiko berri hori alderdi ezberdinen artean elkarrizketa irekitzea berari uko egin dio”, salatu du Ezenarrok eta “arduragabekeria” dela iritzi dio. “Larriagoa deritzogu uko egin diola bizi dugun egoera honetan bakegintzan lidergoa hartzeari”; hala, hirugarrenen atzean ezkutatzea leporatu dio, “dela botere judiziala, dela alderdi popularra edo Madrilgo gobernuak esaten duena, baina ez Patxi Lopezek ez bere gobernuak ez dute argi adierazten bakegintzan egiten duten eskaintza zein den”. PPrekiko “desmarke txikitzat” jo ditu Ezenarrok, “bere alderdikideren batek hala eskatzen diotelako” atzo moduko adierazpenak, hau da, Bilduko kideen eskubideak berma daitezela eskatu izana Konstituzionalari. “Baina ez du argi esan Bilduren legeztatzearen alde dagoen ala ez. Horregatik diogu ihesean ari den gobernu baten aurrean gaudela, ez bakarrik ildo politiko batetik, baita bakegintzari dagokionez ere”.

“Harrigarria eta onartezina da kudeaketa ezin  hobea egin dutela esatea”, salatu du Aralarren bozeramaileak, “eguneroko arazoei aurre egiteko inolako proiektu garrantzitsurik aurrera atera ez izana” leporatu dio; “oposizioan zegoenean hainbestetan ahotan erabili zuen udalen legea edo etxebizitza legea ere ez du legebiltzarrera ekarri eta arlo ekonomikoan Madrildik ezarritako murrizketa sozial guztiak onartu ditu eta herri honen zorpetzea inoizko mailara eraman; beraz, onartezina da esatea bestelako gaiek estaltzen dutela bere gobernuaren kudeaketa ona, ez baita egon kudeaketa onik, are gehiago, inoizko kudeaketarik txarrena delako berea”.

Oposizioari bizkar emanez

Aralarren bozeramaileak gehitu duenez, “hori guztia oposizioari bizkar emanez” egin du Lopezek. “Lehendakaritzara heldu zenean esan zuenaren kontra, ez du herritar guztientzako gobernua egin; izan ere, aurrera atera dituen gutxienekoak PPren aldekotasunarekin bakarrik lortu du ­–Euskadi Eguna eta Bake Hezkuntza planaren berritzea tarteko–, beraz, ez da egia herritar guztiontzako gobernua egin duenik eta oposizioari bizkar emanez, abertzaletasunari bizkar emanez, eta herritarren gehiengoari bizkar emanez kudeaketa txarra egin duen gobernu baten aurrean gaude”