Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: “PSEk erakutsi du PSOE bera baino espainiarragoa dela, beste behin ere”

Ezenarro: “PSEk erakutsi du PSOE bera baino espainiarragoa dela, beste behin ere”

2010/07/20
  • lopez
  • ezenarro
  • estatuta
  • katalunia
Legebiltzarreko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarroren ustez, Lopez lehendakaria “euskal gizartetik geroz eta urrutiago dago, egunetik egunera; bestela ezin da ulertu euskal nazioa ‘historikotzat’ bakarrik jo izana”. Patxi Lopezek Euskadi nazioaz egindako adierazpenen aurrean –«ondorio juridikorik gabeko nazio historikotzat» jo du–, Aralarren bozeramaileak leporatu dio “Zapaterok berak Kataluniako nazioaren aurrean izandako jarreratik atzerago egotea”; izan ere, Zapaterok “nazio politikotzat, ez ordea juridikotzat” jo zuen Katalunia; aldiz, Lopezek "historikotzat, ez juridikotzat" jo du.
 

Ezenarrok gogoratu du gaur bertan kongresuan bozkatuko den PSCk eta PSOEk adostutako ebazpenaren 3. puntuak jaso egiten duela ‘berrestea nazio kataluniarraren izaera, Estatutaren hitzaurrean jasota datorren moduan’. “PSCk nazio kataluniarra onartzera derrigortu du talde sozialista. Aldiz, eta PSCk bere herriaren defentsarako erakutsi duen jarreraren aurrean, PSEk justu kontrakoa egiten du: PSOEk gure herriaren errealitatea aitor dezan saiatu ordez, atzerapausoa egiten du eta bakarrik ‘historikotzat’ jo du gure nazioa”, salatu du Ezenarrok.

Aralarren bozeramailearen iritziz, “lehendakariaren hitzek erakusten dute zein urruti dagoen berak ordezkatzen duen gizartearengandik eta, beraz, agerian geratu da berriro ere ez duela herri honen gehiengoak sentitzen duenarekin bat egiten”.

“Aralarretik gogoratu nahi diogu nazio egiten gaituenak ez direla bakarrik arrazoi historikoak, baizik eta gehiengoaren gizarteak adierazitako borondateak, horrek ematen baitio izaera politikoa”, adierazi du Aralarren bozeramaileak. Ildo horretan, Ezenarrok bere “harridura” erakutsi du Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren eta ondoren sortutako eztabaidaren aurrean PSEk bere osotasunean izandako jarreragatik. “Deigarria da alderdi sozialistaren baitan inongo ahots disonanterik ez egotea. Horrek alderdi sozialistaren arima baskista non geratu den galdetzera garamatza, horrelakorik balego”, gehitu du Ezenarrok.