Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: “Gobernu legea seriotasunez eta demagogiarik gabe egokitu beharra dago”

Ezenarro: “Gobernu legea seriotasunez eta demagogiarik gabe egokitu beharra dago”

2010/04/22
  • goi karguak
  • pentsioak
  • ezenarro
  • gobernua
Hala adierazi du Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok Legebiltzarreko plenoan, politikoen eta gobernuko goi karguen estatutua berraztertzeko bai eta gobernu legeak ezartzen dizkien biziarteko pentsioen egokitasuna aztertzeko eta berrikusteko Aralarrek egin zuen legez besteko proposamenaren defentsan. Talde guztien adostasunarekin Legebiltzarrak onartu egin du lan talde bat sortzea eta otsailaren 1erako ondorioak izatera, “badelako garaia lan horri zaratarik gabe, seriotasunez, baina denborarik galdu gabe ekiteko, gaia ixteraino iritsiz”.

 

Aralar pozik agertu da 1981eko gobernu legea aldatzeko lan taldea sortzea adostu duelako Legebiltzarrak. egindako legez besteko proposamenari jarraituz. Lege horrek Jaurlaritzako goi karguen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu, eta bertan jasota datoz ere, goi kargua uzterakoan izango dituzten eskubideak eta jubilatzean izango dituzten bizi guztirako pentsioak ere. Ezenarroren iritziz, “lege horretan jasotzen diren hainbat eskubide eta bereziki pentsioak, agian, bere garaian zentzua izan zezaketenak, gaur egun eztabaida sortzen dute eta gure ikuspegiko gehiegizkoak dira. Beraz, gai horri buruzko eztabaida ireki eta itxi beharra dago”.

Ezenarrok gogoratu du, Eusko Legebiltzarrean 1999an sortu zela helburu horrekin lan taldea, baina ondorio batzuetara iritsi baziren ere, azkenean ez zen onartu irizpena eta ez ziren egin proposatzen ziren aldaketak. Eta “gaur egun Gobernu Legeak bere horretan jarraitzen du, gehiegizkoak diren bizi osorako pentsioak barne”. Hori dela eta, Aralarren bozeramailearen ustez, “hori guztia berrikusi eta egokitzeko beharra dago, baina lan hori seriotasunez eta demagogiarik gabe egin behar dugu: proportzioa bilatuz, gehiegikeriak saihestuz, baina gutxieneko eskubideak bermatuz”.

Era berean, Ezenarrok “politikoaren estatutua zein den ere adostu beharra” dagoela adierazi du. “Ordezkari politikoak izateak gainerako langileekin alderatuz pribilejiorik ez du izan behar, baina eskubide gutxiago ere ez”, gehitu du. Izan ere, “gogorarazi behar da gaur egun legebiltzarkideok ez dugula ez amatasun bajarik, ezta langabeziarako eskubiderik ere; oro har, langile guztiek bermatuak izan beharko lituzketen eskubideak ez ditugu bermatuak”. “Horri ere konponbidea bilatu behar zaio”, iritsi dio Ezenarrok: “Eskubide berdinak izan ditzagun, ez gehiago ezta gutxiago ere, ez pribilegiorik ezta ere eskubide murrizketarik ere”.

Legebiltzarrak hartutako adostasunaren aurrean, pozik agertu da Aralarren bozeramailea. “Gainera epea jarri diogu ez dadin gehiegi luzatu, otsailaren 1a. Lan horri ekin behar diogu zaratarik atera gabe, seriotasunez, demagogiara jo gabe, baina denborarik galdu gabe eta gaia ixteraino iritsiz”.

Onartutako erdibidekoa

  • Eusko Legebiltzarrak konpromisoa hartzen du ordezkarien eta ordezkatuen artean hurbilketa handiagoa bilatzen lan egiteko, bai eta Euskadin politikagintza duintzeko eta aitortzeko neurriak hartzeko.
  • Eusko Legebiltzarrak lan-talde bat sortuko du honako eginkizun hauetarako:
  1. Bai jardunean dauden hautetsien baldintzak, bai hautetsi horiek behin hautetsi izateari utzita izango dituzten eskubide eta betebeharrak aztertu, eta horretarako aldatu egingo dira 7/1981 Legeko 32tik 38ra bitarteko artikuluak, bai eta gai honetan aplikagarri diren gainerako lege-arau guztiak ere.
  2. EAEko erakunde guztietako politikari eta hautetsien estatutu bat idatzi, non politikari eta hautetsi horien eskubideak eta betebeharrak definituko diren.
  3. Halaber, Euskal Sektore Publikoari dagokionez, egun goi-zuzendaritzako postuak betetzeko ezarritako baldintzak aztertuko ditu, bai eta kargutik kentzean edo lanpostua uztean sortzen diren egoerak ere. 
  •  Lan-taldeak 2011ko otsailean emango ditu ateratako ondorioak Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak onar ditzan.

 

Albiste gehiago