Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: “Epe ertainera gure helburua da ezkerreko alternatiba abertzalea gobernu alternatiba bihurtzea”

Ezenarro: “Epe ertainera gure helburua da ezkerreko alternatiba abertzalea gobernu alternatiba bihurtzea”

2010/04/27
  • Ezenarro
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzar taldeko bozeramailea Errenteriako Reyna aretoan izan zen atzo arratsaldean, ‘Ezker abertzale politikoaren etorkizuneko erronkak’ izenburuko hitzaldia eskaintzeko. Ezenarrok esan zuenez, “epe ertainera gure helburua da ezkerreko alternatiba abertzalea gobernu alternatiba bihurtzea, ez egoteko beti EAJ edo PSE gobernuen artean aukeratu beharra, edo herritarrek ez dezaten bi aukera horiek bakarrik izan”.

“Soziologikoki posible da”, azpimarratu zuen Ezenarrok, “herritar asko gaudelako espazio horretan. Indarkeriak ez du utzi gobernu alternatiba izatea ezker abertzalekoa, baina iruditzen zaigu epe ertainean hori posible izango dela eta horren alde lan egin behar dugu”.

Aralarreko legebiltzarkidearen arabera, honek eskatzen du egoeraren diagnostikoa egitea. Gaurko errealitatean hiru ezaugarri nagusi daudela azaldu du: “Demokraziaren historiatik hona, lehen aldiz abertzale guztiok gobernu nagusietatik kanpo gaude, Nafarroan eta EAEn; bestetik, eztabaida prozesuak gora behera, gaur gaurkoz ETAk indarrean jarraitzen du, eta ETAren indarkeriaren zama pairatzen jarraitzen dugu; hirugarrenik, ezin dugu ahaztu azken urteotan bizi dugun krisi ekonomikorik latzena bizi dugula”. Nabarmendu duenez, “egoera horretan kokatu behar dugu gure lana, ezkerreko alternatiba abertzalea gobernu alternatiba bihurtu ahal izateko”.

Indar abertzaleak erakunde nagusietatik kanpo egoteari erreparatu zion. “Alderdi sozialistak eta PPk Nafarroan egin zuten bat lehenengoz; gero, Eusko Jaurlaritza eskuratu zuten, bat egin; eta hurrengo pausoa izango da foru aldundiak eta udalak eskuratzea”. Zentzu horretan, “ezkerreko alternatiba abertzalea sendotzea frente espainolistari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena” dela azpimarratu zuen.

Asteburu honetan, ezker abertzalearen beste sentsibilitateak egin duen adierazpenaz ere aritu zen. “Aurrerapauso bezala baloratu behar dugu, oso positiboa. ‘Zutik Euskal Herria’ agirian jasotakoari heltzen dio, eta alde bakarreko erabakiz, bide soilik politikoak jorratzearen alde egiten dute”.