Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ezenarro: “Bruño ahizpak ETAren biktima izan ziren eta orain Espainiako justiziaren biktima dira”

Ezenarro: “Bruño ahizpak ETAren biktima izan ziren eta orain Espainiako justiziaren biktima dira”

2011/06/30
  • ordainketa
  • bruño
  • eta
  • ezenarro
Maribel eta Blanca Bruño ahizpei, ustez ETAri ordaintzeagatik, jarri dioten zigorraren erabateko kontrakotasuna adierazi dute Legebiltzarrean Aintzane Ezenarro (Aralar), Joseba Egibar (EAJ) eta Juanjo Agirrezabala (EA) bozeramaileek. “Gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu Bruño ahizpei eta familiari eta injustizia hori justiziak berak konpontzea espero dugu”, gehitu dute bozeramaileek.

Hala, Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “lehen ETAren mehatxua eta estortsioa jasan zuten eta orain justiziaren biktima dira Maribel eta Blanca Bruño”. Sententziaren irakurketa politikoa “ukaezina” dela iritzi dio; are gehiago, “ETAk estortsioa alde batera uzten duela adierazi duenean. Inoiz ez da zigortu inor, kartzela zigorrarekin gainera, ustez ETAri ordainketa egiteagatik”, salatu du Aralarren bozeramaileak.

Era berean, sententziaren “oso ageriko kontraesana” azpimarratu du Ezenarrok. “Borondatez ordaindu izanagatik zigortzen dituztela esaten den aldi berean, salbuesle bezala ezartzen da beldur jasangaitzak eraginda ordaindu dutela. Beraz, borondatez ordaintzea eta beldurrak eraginda ordaintzea kontraesana da eta hori dela eta, Auzitegi Gorenak sententzia bertan behera utz dezan espero dugu; are gehiago bi ahizpek epaiketan adierazi zutenean ez dutela inoiz era horretako ordainketarik egin”, azaldu du Aralarren bozeramaileak. Gainera, eta epaileetako batek boto partikularraren bitartez, ordainketa egon den frogarik ez dagoela argudiatu duenez, errekurtsoaren bidez ahizpa bien errugabetasunarekin aldarrikatzea espero duela gehitu du.

Informazio gehiago