Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Langabeziaren igoera kezkagarriaren aurrean, Aralarrek gobernuari exijitu dio enplegua sortzeko ekimenak susta ditzan

Langabeziaren igoera kezkagarriaren aurrean, Aralarrek gobernuari exijitu dio enplegua sortzeko ekimenak susta ditzan

2010/04/21
  • langabezia
  • ezenarro
Legebiltzarreko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok “bere ardura adieraztetik harago erantzun eraginkorragoa ematea” exijitu dio gobernuari, Eustatek jakinarazi dituen langabezia hazkundea dela eta.

 

Ez da nahikoa ekonomia sailburuak esatea datuak etsigarriak direla, eta gainera urte amaierarako langabezia %10era igoko dela esatea, eta, aldi berean, egoerari aurre egiteko inolako neurririk ez proposatzea”. Ezenarrok adierazi duenez, “jada ez bakarrik krisitik ateratzen ez gabiltzala; gainera langileak dira krisiaren pisua euren bizkar hartzen ari direnak”.

Ezenarrok gogoratu duenez, joan zen azaroaren 26an Legebiltzarrak onartu zuen gobernuari eskatzea ekimena hartzea eta langabezia saria jasotzea utzi duten langileei zuzendutako babes programa berezia sortzea. Horren haritik, adierazi du Aralarren bozeramaileak, “gobernuak ezin die Legebiltzarraren mandatuei muzin egiten jarraitu eta beste alde batera begira segitu, egoera bera geroz eta larriagoa denean langabeziari dagokionez”.

Era berean, Ezenarrok dei egin dio gobernuari “argi dezan behingoz zein den bere egitasmoa zerga politikaren inguruan, eta hain garrantzitsutzat jotzen duten herri honetako politika fiskalaren ereduari buruz”. Aldi berean, Aralarren bozeramaileak uste du, “behar-beharrezkoa” dela politika fiskalak askoz ere birbanatzaileagoa izango den eredu batera jotzeko “modu horretan babes sozial nahiko izan dezagun babesgabetasun egoera guztiei behar bezalako erantzuna emateko gai izan gaitezen”.