Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza espezifikoak egin dituzte Donostiako Udaleko zuzendaritza guztiek

Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza espezifikoak egin dituzte Donostiako Udaleko zuzendaritza guztiek

2010/04/16
  • Euskara
  • Beola
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu ditu udaleko zuzendaritza bakoitzerako prestatu diren euskararen erabilera planak. Guztira, 16 zuzendaritzetarako erabilera planak egin dira eta nabarmentzekoa da udal langileen parte hartzea. Plangintza horiek zuzendaritza bakoitzean lehendabiziko aldiz eratu diren Hizkuntza Ofizialen Erabilera Batzordeek diseinatu eta zehaztu dituzte eta batzorde horietan 90 langilek, lan taldearen %7,5ak, parte hartu dute eta parte hartzen jarraituko dute.

2008ko apirilean 2012ko abenduaren 31 bitartean indarrean egongo den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Laugarren Plangintza Aldia onartu zuen Donostiako Udalak.  Horren ostean,  Euskararen Udal Patronatuaren koordinaziopean, plangintza hori garatzeko Hizkuntza Ofizialen Erabilera Batzordeak sortu ziren, zuzendaritza bakoitzean. Batzorde bakoitzaren egitekoa zuzendaritzari egokitutako plangintza garatzea izan da (helburuak zehaztea, ekintzak aurreikustea, gauzatzeko bideak adostea…) - beti ere  Laugarren Plangintza Aldiak ezarritako jarraibideetan oinarrituta - eta honen jarraipena ere bere gain hartuko du aipatu batzordeak plangintza amaitu bitartean.  

Donostiako Udalean estreinakoz sortu diren batzorde horiei esker zuzendaritza bakoitzaren egoera eta premiak hobeto ezagutzea lortu da eta tresna oso baliagarriak dira euskararen erabileran urrats eraginkorrak ematen jarraitzeko.   

Laugarren Plangintza aldia oinarri

 

Laugarren Plangintza Aldian Donostiako Udalaren administrazioaren jarduera, prozedura eta elementu guztietan bi hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideak zehazten dira. Hau da, ahozko eta idatzizko komunikazioetan, itzulpenetan, langileen prestakuntzan, programa informatikoetan, internet eta intraneten, hizkuntza paisaian, publizitatean, diru laguntzak esleitzerakoan, kontratazio administratiboetan, bide publikoetan egiten diren jardueretan eta lagatako lokaletan.  

Horrela, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Batzorde bakoitzak dagokion zuzendaritzarako egin duen plan espezifikoa aipatu irizpideak kontuan hartuta egin du.  
 
 
 

Helburu orokorrak

 

 

Plan honen helburu orokorrak honako hauek dira: 

  • Donostiako Udalak herritarrekin dituen harremanetan, ahoz zein idatziz, bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatzea.
  • Euskararen ahozko erabilera areagotzea, herritarrekiko jarduna erabat bermatuz eta Udal barruko lan harremanetan erabilera handituz.
  • Euskararen idatzizko erabilera areagotzea, sorkuntzari lehentasuna emanez.
  • Langileen hizkuntza-gaitasuna handitzea.
  • Irudi korporatiboan eta hizkuntza paisaian bi hizkuntza ofizialen presentzia osotasunean bermatzea.

 

 

Helburua, beraz, ezagupenetik benetako erabilerara igarotzea da, hau da, administrazioak eta langileek beraiek euskalduntzeko eta alfabetatzeko egindako ahaleginari etekina ateratzea eta udal administrazioaren esparru guztietan euskararen erabilera areagotzea  
 

Administrazio elebidun baterantz

 

 

Ainhoa Beola zinegotziaren esanetan “Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko bideak jarri behar dira hizkuntzen benetako berdintasun orekatura iristeko, eta hori lortze aldera, bereziki zainduko da herritarrari lehen atentzioa ematea, herritarrak berak hautatutako hizkuntzan eta inolako deserosotasunik eragin gabe Udalarekin harremana izan dezan”. 

“Era berean, -adierazi du- kalitatezkoa izan nahi duen administrazio batek ehuneko ehunean bermatu behar du zerbitzua hizkuntza ofizialetatik edozeinetan eskaintzeko moduan dagoela. Are gehiago, administrazio elebiduna egin nahi badugu, bi hizkuntza ofizialen berdintasun formaletik egiazkorantz jauzi egin behar dugu eta euskara, gaztelania bezala, lanerako hizkuntza bilakatu behar dugu bai herritarrekiko harremanetan, bai beste administrazioekiko harremanetan eta baita udal barruko harreman eta prozeduretan ere”.