Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak ETAk jarduera armatua utz dezan gizarteak erakutsitako pertseberantzia aitortu du Legebiltzarrak

ETAk jarduera armatua utz dezan gizarteak erakutsitako pertseberantzia aitortu du Legebiltzarrak

2011/10/27
  • legebiltzarra
  • eta
  • adierazpena
Legebiltzarreko talde guztiek, UPyDk izan ezik, adierazpena sinatu dute poztasuna adierazteko ETAk bere jarduera armatua behin betiko utzi duelako. Era berean, euskal gizarteak izan duen pertseberantzia aitortu du "erakunde hori desagertzea eta giza eskubideak errespetatzea exijitu baitu". UPyDren ezezkoa oztopatu egin du erakunde adierazpena egitea eta, ordean, Lehendakariaren adierazpen gisa irakurri da osoko bilkuraren amaieran.

LEHENDAKARIAREN ADIERAZPENA

ETAk bere jarduera armatua behin betiko uzten duela iragarrita, Eusko Legebiltzarrak honako hau adierazten du:

1.- Poztu egiten dela ETA erakunde terroristak iragarri duelako, azkenean, behin betiko uzten duela bere jarduera, eta balorazio positiboa egiten duela urrats horretaz.

2.- Bere ezagutza agertzen diola euskal gizarteari, erakunde hori desagertzea eta giza eskubideak errespetatzea exijitu baitu une hauetan, aho batez. Beraren pertseberantzia eta gogaitasuna oso garrantzitsuak izan dira hori lortzeko.

Legebiltzar honek partekatu egin nahi du gaur gizarte osoak duen itxaropena, mehatxaturik zeuden eta gaur libre sentitzen direnen lasaitasuna eta ETAk erauzi zizkigun haien hutsuneak eragiten duen samina.