Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Elektropoluzioan Estatuko aditurik garrantzitsuenak izango dira Bilbon Ezkerraberri Fundazioak antolatutako jardunaldian

Elektropoluzioan Estatuko aditurik garrantzitsuenak izango dira Bilbon Ezkerraberri Fundazioak antolatutako jardunaldian

2010/04/15
  • Ezkerraberri fundazioa
“Gizarte elektromagnetikoaren mito eta errealitateak” izenburupean, Ezkerraberri Fundazioak sei ikerlari elkartuko ditu larunbatean Bilboko Arrupe Etxean, hurrengo larunbatean, goizeko 10:30etik aurrera. Eremu elektromagnetikoek izan dezaketen kaltegarritasunaren harira sortu den eztabaidari erantzunez antolatu du jardunaldia Fundazioak.

Eremu elektromagnetikoak biderkatu egin dira azken urteetan. Gizakiak asmatu duen teknologiaren harira hainbat tresna erabiltzen dugu eta horrek uhin elektromagnetikoak ugaltzea dakar, haririk gabeko komunikazio ezberdinak bideratze aldera. Testuinguru horretan, neurri gabe erabiltzen dira sakeleko telefonoak, haririk gabeko Interneterako konexioa eta telekomunikaziorako beste tramankuluak. Egoera berri horrek kezka sortu du zenbait gizarte talderengan, eta kezka horri erantzute aldera antolatu du larunbateko jardunaldia Ezkerraberri Fundazioak. Estatuan dauden aditurik ospetsuenetakoak elkartuko dira Arrupe etxean, dibulgaziorako eta eztabaidarako antolatu den jardunaldian.

 

Gizarte elektromagnetikoaren mito eta errealitateak” izenburupean arlo honek jasotzen dituen azpi-atal nagusiak jarriko dira mahai gainean: uhinek biologikoki gizakiarengan izan ditzaketen kalteak, gai juridiko eta politikoak, eragin soziologikoa eta uhinek etorkizunean ekarri ditzaketen kaltegarritasun berriak. Adituen azalpenak entzun ondoren, eztabaidarako tartea ere izango da. Hurrengo adituek parte hartuko dute: Ceferino Maestu (Medikuntzan doktorea eta UPM-n bioelektromagnetismo irakaslea); Agustín Bocos (Abokatua, ingurumenean aditua); Alberto Arrate (abokatua, elektropoluzioan aditua); José Miguel Lozano (pedagogian doktorea eta Euskal Herriko Kaltetuen Plataformako kidea); Pedro Belmonte (Ecologistas en Acción erakundeko kidea); Pedro Costa (Ingeniaria eta Soziologoa, Madrileko Goi Ingeniaritza Eskolako irakaslea).

 

Ezkerraberri Fundazioa Aralar alderdiaren baitan sortutako erakundea da, eta Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk ere hartuko du hitza jardunaldiaren bukaeran. Aralarrek legegintzaldi honetan hainbat ekimen aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean gai honen inguruan. Alderdiak eremu elektromagnetikoek sor ditzaketen kaltegarritasunen harira ikerketekin jarraitzeko aldarrikapena egiten du, eta bitartean, Europako Parlamentuak babesten duen Prekauzio Printzipioa sustatzeko eskaria egiten du. Horrela, gizarteak eremu hauetara duen esposizioa ahalik eta gehien murriztu beharra ikusten du alderdiak eta Europako Parlamentuak, beti ere, teknologiak eskaintzen dituen baliabide guztiei uko egin gabe eta hauen erabilera egokia eginez.

 

Egitaraua