Aralarrek indarrak batu ditu EAEko eta Nafarroako gobernuei aurre egiteko
- bilera
- EAE
- parlamentuak
- elkarlana
- nafarroa
TESTU OSOA
Gaur elkartu gara Aralarreko Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarkideok asmo jakin batekin: gure lanean harremanak gehiago estutu eta oposizioa egiterakoan elkarrekin landu ditzakegun esparruak aztertu eta sakontzeko.
Gaurkoa jendaurrera ateratzen dugun lehenengo bilera izan da legealdi honetan eta, bilkura-aldi berriaren hasiera honetan, bultzada eman nahi diogu elkarlan esparru horri. Hori dela eta, hemendik aurrera bi hilean behin gutxienez elkartuko gara, lurraldetasunaz dugun ikuspegia lantzetik harago, gai zehatzen inguruan elkarrekin lan egiteko asmoz.
Alderdiko barne organoetako presentziaz gainera, beharrezkoa dela uste baitugu erakunde-arteko harremana sendotzea hurrengo helburuei erantzuteko:
POLITIKOAK:
- Erabaki esparruen errespetutik abiatuta, HERRI BAT gara eta herri bezala lan egin behar dugu. Bai Nafarroan zein EAEn ditugun gobernuen aurrean, gure nortasun ikurren defentsan, euskararen defentsan, elkarrekin aritu behar dugu. UPN-PSN binomioak Nafarroan eta PP-PSE binomioak EAEn ezarri nahi diguten normaltasunaren atzean ezkutatzen diren asmo asimilatzaileak salatu eta horiei aurre egin behar diegu. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu gure azken biltzarrean argi proposatu genuena: Erabakitzeko eskubidea jasoko duten bi estatutu politiko berri beharrezkoak dira herri honetan, modu horretan proiektu politiko guztiek gauzatzeko eskubide bera izango dutelako. Bide horretan aurrera egin nahi dutenekin elkarlanerako bideak mantentzearen aldekoak gara, bai Nafarroan eta baita EAEn ere.
- Aralarrek ardura berezia du gainera jardun horretan, kontuan izanda Nafarroako parlamentuan lehenengo indar abertzalea garela, NaBai-ren gidaritza duena, eta EAEn Legebiltzarreko bigarren indar abertzalea, botoetan hirugarrena.
- Bai Nafarroan, baita EAEn ere, gaur gaurkoz, ezker abertzale politikoa ARALAR da. Eta lanean dihardugu, herrietan eta parlamentuetan, ezker abertzale politikoa indartu eta gure herriaren defentsan eta herritarren eguneroko beharrei ezkerretik erantzun eraginkorrak ematen. Ezker abertzale politikoa eragile eraginkorra bilakatzen eta sendotzen dihardugu eta horretan jarraituko dugu herri ikuspegia eta lurraldetasuna kontuan hartuz.
LURRALDETASUNA:
- Lurraldetasunari eta Nafarroa eta EAEren arteko harremanei dagokienez, erabat eznahikoa deritzogu Sanz eta Lopezek uztailean sinatu zuten protokoloari. Protokolo horrekin, EAE eta Nafarroaren arteko harremana bi bizilagunen arteko harreman “normalizatu” bezala saldu nahi izan dute.
- Baina sinatzaileek ere badakite harreman politiko bat badagoela EAE eta Nafarroaren artean, nahiz eta harreman politiko hori gaur ez egon instituzionalizatuta. Herri beraren parte garen bi komunitate gara, eta horrela sentitzen du EAEko gehiengoak eta Nafarroako herritarren kopuru handi batek. Eta bai Nafarroan, baita EAEn gehiengoa gara egungo harreman maila areagotu nahi dugun herritarrak.
- Hori dela eta, ARALARrek beharrezkotzat jotzen du, erabaki esparruen errespetutik abiatuta, elkarlanerako egitura iraunkor bat ezartzea, bertan gai politiko, kultural, baina baita gai sozial eta erakunde artekoak lantzeko.
SEKTORIALAK:
- Bilera honetan gai politikoez eta lurraldetasunaz dugun proposamenez gain, gai sektorialez ere hitz egingo dugu: osasuna, gizarte politikak, kultura, EITB, euskara, azpi-egiturak, fiskalitatea eta langabeziari aurre egiteko politikak hizpide izango ditugu, bi esparruetan eskuinekoa edo eskuinak lotutako gobernua ditugulako eta ezkerretik erantzun eta proposamen bertsuak behar dituzten arazoak ditugulako.
- Zehazki, gaur bi legebiltzarretan aurkeztuko dugun proposamen bat adostu dugu, Espainiako gobernuak pentsioak aldatzeko aurkeztu duen proposamenari dagokiona. Bertan, bi gauza eskatzen ditugu: erabakia bertan behera uzteko eta gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Nafarroa eta EAEra eskualdatzeko.
- Castejon-Muru Artederreta, hau da, Nafarroa eta Arabatik pasako den tentsio altuko linearen aurrean, Aralarrek Nafarroako parlamentuari eskatuko dio horren kontra ager dadila, bere egunean Eusko Legebiltzarrak egin zuen bezala. Horretarako proposamena aurkeztea adostu dugu. Herrialde bakoitzak bere energia eredua kudeatzearen alde egiten du Aralarrek, beti ere energia berriztagarriak lehenetsiz.


