Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Dekretu bidez diru-laguntza sozialen hartzaileen unibertsoa murrizten aritzea leporatu dio Aralarrek gobernuari

Dekretu bidez diru-laguntza sozialen hartzaileen unibertsoa murrizten aritzea leporatu dio Aralarrek gobernuari

2011/02/04
  • laguntza
  • ezenarro
  • sozialak
  • krisia
Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok sozialistei leporatu die elkartasunezko gizartea sustatzen aritu beharrean gizarte ahulenenganako mesfidantza sortzen aritzea. “Diru-laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonengan iruzurraren mamua jarri nahi dute; are gehiago, orain arte PPk egiten zuen diskurtso populistari gehitu zaio alderdi sozialista, gauzatzen ari diren murrizketa soziala onartezinak ezkutatzeko”.

Hala kritikatu du Ezenarrok Legebiltzarrean izandako eztabaidan. “Egoera ekonomikoaren ondorioz, langabeziak gora egiten duen honetan, eskatzaile geroz eta gehiago dago, baina diru-laguntzetara bideratzen den dirua ez da gehitu. Are gehiago, dekretu bidez laguntzak eskuratzeko baldintzak zorroztu ditu Jaurlaritzak: etxebizitza osagarria jasotzeko baldintzak gogortuz, LLGa jasotzeko ondarearen muga jaitsiz eta baita laguntza sozialen espedienteak ikertuz, enplegu zerbitzuetan ez zegoenari laguntzak erretiratuko zaizkiola mehatxatuz, eta enplegu bat hartzen ez duenak laguntzetatik kanpo geratuko direla aginduz, bestelako zehaztasunik eman gabe”.

Horregatik guztiagatik, Aralarren bozeramailearen iritziz, “berretsi egiten da laguntza sozialak murrizten dituen gobernu baten aurrean gaudela”. “Eta hori gutxi ez, eta gizartean elkartasunezko jarrerak sustatu beharrean mesfidantza zabaltzen ari da ahulenekiko”, leporatu dio Ezenarrok gobernuari. “Erabat bidegabea iruditzen zaigu”, gehitu du Ezenarrok. Are gehiago, “langabeziak gora egiten segitzen duen honetan, gobernuak aurrekontu berdinarekin erantzun nahi ditu eskari guztiak eta hori ezinezkoa da”. Horregatik dio, Aralarkideak, dekretu bidez ari dela gobernua murrizketak gauzatzen, “gizartearen arazo larri bati erantzutea bilatu ordez, gobernuak duen aurrekontu arazoari erantzutea bilatzen duelako”.