Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Berdintasun gaietan ere perspektiba polizialari lehentasuna ematea salatu du Aralarrek Legebiltzarrean

Berdintasun gaietan ere perspektiba polizialari lehentasuna ematea salatu du Aralarrek Legebiltzarrean

2011/11/03
  • ezenarro
  • berdintasuna
Berdintasunerako Kontseilua sortzeko lege proiektua berrartzeko eskariari uko egin diote PSEk eta PPk Legebiltzarrean. Aralar taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok gobernuari leporatu dio “perspektiba poliziala indartzea, baita genero indarkeriaren aurrean ere”.

Izan ere, Genero indarkeriaren biktimak artatzeko zuzendaritza sortu zuen gobernuak Herrizaingo sailaren barruan eta “estruktura handitzeko asmoari eusten diote, genero indarkeriaren behatokia sortzeko diru partida ere Herrizaingo sailean sartu baitute. Hala, Berdintasunerako kontseilua ez sortzeko arrazoia ez dela finantzazio arazo bat iritzi dio Ezenarrok: “hautu politiko bat da eta zuena da perspektiba poliziala indartzea baita genero indarkeriaren aurrean ere”.

2010eko azaroan jakinarazi zuen Patxi Lopezen gobernuak bertan behera uzten zuela Berdintasun kontseilua sortzeko lege proiektua. Krisi ekonomikoa tarteko gobernuak ez zuela erakundetze maila berririk eragingo adierazi zuen orduan gobernuak; “ez zuen adierazi, ordea, zenbateko aurrekontua aurreikusia zegoen Berdintasun Kontseilua sortzeko; are gehiago, gobernuak ez du berdintasunaren arloan lanean ari diren mugimendu asoziatiboak berdintasun politiketan parte har dezan alternatibarik eskaini”. Horregatik Ezenarrok salatu du “gobernuaren erabakiaren atzean dagoena lehentasun kontua dela; izan ere, Berdintasun Kontseilua baztertu du, arrazoi ekonomikoak tarteko, baina Herrizaingo sailaren barruan zuzendaritza oso bat sortu du genero indarkeriaren biktimak artatzeko, Emakunderen barruan egokiagoa litzatekeena”.

Aralarren bozeramaileak defendatu du badagoela berdintasun arloko mugimendu asoziatiboak berdintasun politiketan parte har dezaten bideak abiaraztea, “bestela, kontseilua sortzen ez bada, parte hartzea eta erabakiak hartzeko esparruan hutsunea dagoelako, horixe zelako hain justu Berdintasun Kontseiluaren funtziorik garrantzitsuena, nahitaezko txostenak egitea, baina gobernu honek hasieratik izaera polizial oso fuertea izan du, baita genero indarkerian ere. Neurriz kanpo eraman duzue ikuspegi poliziala, emakume taldeek salatu izan duten moduan”.