Bazterketarik gabe, bakegintza lantzeko lan taldea eratzea eskatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- bakegintza
- Basabe
- Legebiltzarra
- Ezenarro
Talde politiko guztiei, gainontzeko erakundeei eta bakegintzan lanean ari diren talde sozialei irekia egongo den lan taldea eratzeko mozioa aurkeztu du Aralarrek Legebiltzarrean. Lopez lehendakari joan zen egubakoitzean egindako interpelazioaren ondorengo mozioa aurkeztea erabaki du Aralarrek. Taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok azaldu duenez, “xede bikoitza” izango du lan taldeak: “Indarkeriaren ondorioei zer nolako aterabideak eman behar zaien eztabaidatzea eta adostea, batetik; eta, gure herri eta auzoetan bakearen kultura lantzeko eta hedatzeko, eta elkarbizitza sustatzeko hartu beharreko ekimenak eztabaidatzea eta adostea, bestetik”.
Lehendakariari hainbat bider eskatu dio Aralarrek bakea kontsolidatzeko eta normalizatzeko saiakerari ekin diezaiola, ekimena har dezala. Horren haritik, interpelazioa ere egin zion azkeneko kontroleko plenoan Aralarren bozeramaileak. Baina, “emandako erantzunaren aurrean, Legebiltzarrak ekimena har dezala erabaki dugu”, azaldu du Ezenarrok. “Ez gaude prest legegintzaldiari geratzen zaion azkeneko urtebetean Legebiltzarraren papera ikusle huts izatea, elkarbizitza baketsuaren eraikuntzan ekarpenik egin gabe”. Hori dela eta, interpelazioaren ondorengo mozioa aurkeztu du Aralarrek Legebiltzarrean, otsaileko azkeneko ohiko osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Ezenarrok adierazi duenez, “garrantzitsua da bizi dugun une politikoaren aurrean, espetxe politikaren malgutzeari babes politikoa emango dion akordioa zehazte; eta bestetik, udalekin elkarlanean, gizartearen oinarrian bakearen kultura berria sustatu eta elkarbizitza bermatzeko ekimenak adosteko gunea ezartzea”.
Era berean, eta Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak eta PPren lehendakari Antonio Basagoitik egindako adierazpenei erantzuten, “ekimenak ahalik eta aldekotasunik zabalena lortzea” espero duela iritzi dio Ezenarrok, “bakegintzak guztion parte hartzea beharrezko duelako eta eztabaidan parte hartzeko aukera ezin zaiolako inori itxi”.
Bestetik, Mikel Basabe parlamentariak mozioa aurkeztu du Legebiltzarrak lan talde bat sor dezan, “Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiak bere baitan hartzeko gaitasuna izango duen itun berria eztabaidatzen hasteko”.
Albiste erlazionatuak
bakegintza
Basabe
Legebiltzarra
Ezenarro
- Bakegintzan eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko “ezinbestekotzat” jo du Ezenarrok lan talde irekia eratzea Legebiltzarrean
- Biktimek izan duten errekonozimenduaz galdetu dio Aralarrek Espainiako gobernuari
- Aralarrek Lopezi eskatu dio “bidera dezala ezberdinen arteko gune bat" elkarbizitzaren eta normalizazioaren printzipioak adosteko


