Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Basaberen iritziz “onartezina da Celaak B ereduko ikasleak hizkuntza eskakizunetik salbuetsi gura izatea”

Basaberen iritziz “onartezina da Celaak B ereduko ikasleak hizkuntza eskakizunetik salbuetsi gura izatea”

2011/07/20
  • euskara
  • basabe
  • hezkuntza
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek adierazi duenez, “ez gaude neurriaren kontra, baina bai neurria edozein modutan hartzearen kontra”. Hala iritzi dio, Hezkuntza sailburu Isabel Celaa prestatzen ari den dekretuari.

“Neurria zentzuzkoa da baldin eta D eredura mugatuko balitz eta euskara ikasgaian gutxieneko nota eskatuz. Onartezina da hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzen ez duen eredu baten ikasten duten ikasleak ere salbuetsi gura izatea hizkuntza ezagutza egiaztatzeko froga egitetik”, salatu du Aralarren legebiltzarkideak. Basabek azpimarratu duenez, “ereduen azterketa guztiek esan dute D ereduak balio duela ondoen hizkuntza ofizial biak ikasteko, beraz, Hezkuntza sailburuaren asmoa D eredura mugatu beharko litzateke”. Horren haritik, gainera, Basabek zehaztasun bat gehitu du: “beti ere gutxieneko nota bat eskatu beharko litzaieke ikasleei euskara ikasgaian DBH edo Batxilergo ikasketak amaitu ostean euskararen ezagutza maila bermatzeko”.

Gauzak horrela, Basabek kritikatu egin du Celaa sailburuak “B ereduko ikasleak ere salbuetsi gura izatea. Argi utzita ere neurriaren kontra ez gaudela, ezin dugu onartu erabaki hori edozein modutan hartu gura izatea. Are gehiago, Celaak egin gura duen orokorkeria ez da egokia”. Horregatik Aralarren legebiltzarkideak propio eskatu dio Hezkuntza sailburuari kontuan har dezala hizkuntza ofizial biak ikasteko balio duela erakutsi duen eredu bakarra zein den eta “ados dezala Legebiltzarrean neurriaren zehaztapenak”.