Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Basabe: “Onartezina da ETBren informatiboetako goiburua alderdi biren arteko akordio politikoa izatea”

Basabe: “Onartezina da ETBren informatiboetako goiburua alderdi biren arteko akordio politikoa izatea”

2010/11/19
  • etb
  • basabe
  • lopez
Aralarrek Eusko Jaurlaritzari exijitu dio 2011ko aurrekontuetako memoriatik gobernua sostengatzen duten PSEk eta PPk sinatu zuten “aldaketa demokratikoaren oinarriak” akordioari egiten zaion erreferentzia kentzea. Jasotzen denez, ETBren albistegien helburuetako bat PSE eta PPren arteko gobernu “akordioaren funtsezko alderdi bat garatu ahal” izatea da.

Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek interpelazioa egin dio Patxi Lopezi, ETBren informatiboetako “independentzia, egiazkotasuna eta objektibotasunaren” inguruan azalpenak eskatzeko. Legebiltzarkideak salatu du enpresa publikoaren informatiboen oinarri PSE eta PPren “aldaketa demokratikoaren oinarriak” akordioa ezarri nahi dela. Basabek 2011ko gobernuaren aurrekontuetako memorian akordio horri paragrafo batean egiten zaion erreferentzia aipatu du, zeinak informatiboen helburutzat jotzen duen akordio hori garatzea. “ Harrigarria egin zaigu aipamen hori, hasteko idatziz jasotzea, eta bigarrenik ez dagoelako inon telebista publikorik bi alderdiren arteko akordioa informatiboen oinarri moduan ezartzen duenik, direnak direla telebista kateak edo alderdi politikoak”, esan du Basabek. "Are harrigarriagoa  egin zaigu horrelako planteamendua jasotzea lidergoa berreskuratzeko, hain justu, horixe izan denean lidergoa galdu izanaren arrazoi:  helburu politiko zehatz batzuk garatzera zuzendutako albistegiak planteatzea”.

Aralarren legebiltzarkidearen iritziz, “onartezina da ETBren informatiboen helburua akordio politiko zehatza garatzea izatea”. Aitzitik, Basabek iritzi dio telebista publiko batek beste bide bati ekin beharko liokeela: “zerbitzu publikoa denez, herritar guztien zerbitzura egon beharko litzateke eta bere informatiboen independentzia eta objektibitatea bermatu beharko luke; ez da zilegi iritzi jakin batzuk isilaraztea ez direlako gustukoak edo ilegaltzat hartzen direlako”. “Telebistaren onerako, telebistako profesionalen onerako, baina baita ere herri honen osasun demokratikoaren onerako, eskatzen dudana da aurrekontuen memoriatik paragrafo hori kentzea eta, jakina, telebista zuzentzen duten pertsonen buruetatik ere paragrafo horrek duen ideia kentzea”, eskatu du Aralarren legebiltzarkideak.

AurrekariaK