Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Basabe: “Ez da logikoa PSEk ezkerrekoa izan gura izatea PPrekin akordioa sinatuta batetik, eta EJArekin, bestetik”

Basabe: “Ez da logikoa PSEk ezkerrekoa izan gura izatea PPrekin akordioa sinatuta batetik, eta EJArekin, bestetik”

2009/10/29
  • aurrekontuak
  • Basabe
  • PP
  • PSE
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek, Radio Vitorian izandako elkarrizketan, kritikatu egin du PSEk eta PPk sinatu berri duten aurrekontu akordioa, bai eta gaur arratsaldean PSEk eta EAJk sinatu asmo duten erakunde-akordioa ere. Basaberen iritziz, eta irakurketa soziala eginez, “ez da logikoa PSEk ezkerrekoa izan gura izatea PPrekin akordioetara helduz. PPren eta EAJren krisiari aurre egiteko proposamenak aurrera ateraz gero, makro-azpiegituretan egingo dira inbertsioak eta ez krisiari irtenbide soziala ematen”. Bestetik, “ez da ulertzen Eusko Jaurlaritzatik kanpo utzi ostean, EAJ PSErein akordio batera heltzea”, gehitu du Basabek.

 

“Aurrekontu akordioa krisiaren izenean sinatutako politika fiskalaren gaineko akordiora eraman nahi da”, salatu du Basabek, “era horretan gizarteari mezu okerra emanez. Esaten ari zaie berdin dela gobernua ezkerreko edo eskuinekoa izan”. Ildo horretan, Basaberen iritziz, “ustez ezkerrekoa den gobernu bati gutxienez ezkerreko politikak egin ditzala eskatu behar zaio”.

Aralarren bozeramaileak gogoratu du bere taldeak kritikatu egin duela Lopezen gobernuaren aurrekontu proiektua. “Batetik, erabili dituzten formengatik, ez baitute itxaron Legebiltzarrean eztabaida izatera akordioa lortzeko; bestetik, proiektuaren edukiak ezagutzen ez baditugu ere, akordioa sinatu dutenek egin duten interpretazioa ezagutzen dugu eta argi geratu da PP eta PSEren aurrekontu proiektua baztertzailea dela ikuspegi politiko batetik. Baina ezin da besterik espero lehentasunezko bazkide alderdi popularra izaten jarraitzen badu”. Basabek zentzu horretan gogoratu du “Euskal Herria termino politiko legez ere existitzen dela aditzera ematen dute egunero-egunero PSEk eta PPk, Nafarroan eta EAEn, ez beste inon, ezin baita ulertu PPk lagundutako PSOEren gobernua izatea edo PSOEk lagundutako PPren gobernua izatea”.

Albiste erlazionatuak