Basabe: “Egon daiteke ETAren kontra eta aldi berean gura izan Euskal Herrian ez guardia zibilik, ez polizia nazionalik, ez armada españolik egotea”
- armada
- Basabe
- Gernika
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek, PP eskatuta estatuko indar armatuen gainean Legebiltzarrean egon den eztabaidan, adierazi duenez, “egon daiteke ETAren kontra, guk ez dugu ETArik nahi, eta aldi berean gura izan Euskal Herrian ez guardia zibilik, ez polizia nazionalik, ez armada españolik ez egotea; biak uztargarriak dira”. Basabek defendatu duen moduan horixe defendatzen du Aralarrek, “hain justu ez zaigulako gustatzen konstituzioaren 8. artikuluak Españako armadari ematen dion eginkizuna”.
Basabek azpimarratu duenez, “sozietatearen gehiengoak ez du babesten legebiltzarraren gehiengoak babestu duen jarrera. Ez ganberan ordezkatuta gaudenok; ez, jakina, ordezkaritzarik gabe geratu ziren botoak kontuan izanda ere. Sozietatearen gehiengoak ez du babestuko fronte unionistak egin duen proposamena”.
Txarli Prieto sozialistari erantzunez, Aralarren bozeramaileak gogorarazi dionez, “guk urrutien dagoen sufrimendua ulertzeko eta aintzat hartzeko urratsa egin dugu eta horregatik gu izan gara propio ETAren biktimei barkamena eskatzeko egin diren ekitaldietan, elkarrekin; eta nahiko genuke propio GALen biktimei barkamena eskatzeko antolatzen diren ekitaldietan ere elkarrekin egotea”.
Aralarrek talde popularrak aurkeztu duen ekimenari zuzenketa egin zion, EArekin batera, Bizkaiko BBNNek onartu zutenaren haritik. Hau da, Gernikako Batzarretxean ez dadila Segurtasun Indarren eta Indar Armatuen ordezkari uniformaturik izan eta Espainiako estatuaren Gobernuari eskatzea, Alemaniako estatuak egin zuen legez, orain dela 72 urte izandako eraso basatia dela eta, eragin zitzaion min eta sarraskiagatik Gernikako herriari barkamen publikoa eska diezaiola.
Basabek adierazi duenez, “ez diot eskatuko Zapaterori Billy Brandtek Varsovian egin zuena egiteko; nazietatik ihesi joan zen sozialistak egin zuena. Beharbada errazago litzateke Alemaniako Errepublika Federaleko presidente Herzogek egin zuena, hau da, gutunez eskatu, gutunez aitortu, Gernika bonbardatu zuten hegazkinak alemaniarrak izan zirela eta belaunaldiak igaro direla onartu arren, dolua adierazi biktimei. Horrez gainera, hurrengo Españako armada BBNNetara doanean aprobetxatzen badu armadaren izenean barka eskatzeko, gaizki ez. Ze, herriren bat badago merezi duena barkamena eskatzea Gernika da. Horretara zetorren Bizkaiko BBNNek hartu zuten erabakia”.
Albiste erlazionatuak
Basabe
- Basabe: “Zigorgabetasunik mezurik ezin zaio eman giza eskubideen errespetuaren berme izan behar duen polizia demokratikoari”
- Aralarrek bere poztasuna adierazten du D ereduak berriz gora egin duelako
- Bazterketarik gabe, bakegintza lantzeko lan taldea eratzea eskatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- Aralarrek euskal herritarren arteko elkarbizitzarako itun berria proposa dezala exijitu dio Lopezi


