Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Basabe: “Aresek ez du argitu pertsona presoen argazkiak kentzeko ze lege oinarri darabilen”

Basabe: “Aresek ez du argitu pertsona presoen argazkiak kentzeko ze lege oinarri darabilen”

2009/09/11
  • argazkiak
  • presoak
  • Basabe
  • Ares
Barne sailburuaren agerraldi eskaria egin zuen Aralarrek, “egunokin Ertzaintza pertsona presoen argazkia kentzen ari dela eta, jardunbide horretarako zein legetako zein artikulutan oinarritzen den azal zezan”. Galderari erantzun beharrean Aralarren kontrako funtsik gabeko salaketak egiteari ekin dio

 

Uztailean egin zuen agerraldi eskaria, “baina gaurko agerraldian behintzat ez du horrelakorik argitu”. Hala iritzi dio Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek, Herrizaingo batzordearen ostean. Barne sailburuak terrorismoaren biktimen legearen 4. artikuluan oinarritzen dela adierazi du, baina biktimen legeak ez du espresuki aipatzen argazkiak edo eskubideen aldarrikapenak kendu egin behar direnik. Basabek berretsi egin du lege horrek ez duela horrelakorik esaten: “Ez du inondik inora argazkiak kendu behar direla ulertarazten. Interpretaziorik zabalena eginda ere, ezinezkoa da hori ulertzea, besteak beste, oinarrizko eskubideak zapaltzea. Beraz, legearen interpretazio prebentibo bat egiten ari da Herrizaingo sailburua eta okerragoa dena, legearen interpretazio zabal horrekin: 1) oinarrizko eskubideak zapaltzen ari da eta 2) herri honetako elkarbizitza gaiztotzen ari da, batere premiarik gabe, modu gratuitoan... eta jakinaren gainean”.

Aralarren legebiltzarkideak gogora ekarri du Aralarrek biktimen legea bozkatu egin zuela, eta hala egingo lukeela berriro ere, baina aitortuta iraingarria gauza asko direla biktimentzat, “biktimak ere asko eta anitzak direlako. Besteak beste, ikurrinak kentzen ari ziren hildako guardia zibilak ere badaudelako; hori diot autonomia estatutuaren aldeko kanpaina armatua ere egin zuelako ETAk; hori diot ETArenak ez diren biktimak ere badirelako eta legeak berak jasotzen ditu. Tentu handiz ibili behar da gai horretan eta uste dut ez dela ibili. Botere publikoa, bereziki oinarrizko eskubideekin mugan jarduten denean, kontu oso handia izan behar da: mehatxu eta irain zuzenak kendu egin behar dira noski, baina argumentu hau muturreraino eraman eta biktima guztientzat iraingarria den guztia kentzen hasiz gero, ez genuke sekula bukatuko, zurrunbilo ero amaigabe batean eroriko ginateke, elkarbizitza erabat gaiztotuz, eta garrantzitsuena: oinarrizko eskubideak zapalduz”.

Herrizaingo sailburuak agerraldia eskatutako azalpenak emateko erabili beharrean nahiago izan du Aralarri terroristak omentzeko presoen argazkiak daramatzatenak babesten duela leporatzeko erabiltzea.