Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Azken atxilotuek salatutako torturak ikertzeko eskatu du Aralarrek

Azken atxilotuek salatutako torturak ikertzeko eskatu du Aralarrek

2011/04/20
  • torturak
“Mendekuan oinarritutako kartzela politika uzteko” eskatu dio Abrilek Espainiako Gobernuari

Azkeneko polizia operazioetan atxilotutakoek inkomunikazio aldian jaso dituzten tortura salaketak ikertzeko eskatu dio Aralarrek fiskaltzari. “Etengabekoak dira atxilo aldian egiten diren tortura salaketak, eta salaketa horiek ez dira ikertzen. Tortura Espainiako poliziaren ohiko praktika dela agerikoa da, nazioarteko hainbat erakundek salatu izan duten moduan, eta aurten bertan Donostiako epaitegi batek ebatzi bezala”, gogoratu du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak.

Orain baino lehen Aralarrek eskatua du torturarekin bukatzeko neurri eraginkorrak indarrean hartu behar dituela Espainiak, Prozedura Kriminaleko Legedia aldatuz, inkomunikazioa ezabatuz eta atxilo aldia kamera bidez grabatuz. “Torturarekin bukatzea ezinbestekoa da, iraganeko huts egiteak gainditu, eta demokrazian eta giza eskubideen bermean sakontzeko”, nabarmendu du Abrilek.

Datorren maiatzaren 5eko Eusko Legebiltzarreko bilkurak torturen gaineko Aralarren ekimen bat eztabaidatuko du. Ekimen horretan eskatzen da fiskaltzak ikertu dezala Beatriz Etxebarriak atxilo aldian jasandako sexu eraso, tratu txar eta mehatxuen salaketa ikertu dezala”. Aralarrek itxaropena du ekimena aurrera aterako dela. Hala balitz, lehenbiziko aldia litzateke Eusko Legebiltzarrak horrelako ekimen bat aurrera aterako lukeena alderdi sozialistaren babesarekin. Aralar lanean ari da alderdi sozialistak ere eskatu dezan tratu txarren eta torturen salaketa guztiak ikertuak izan daitezela.

Antton Troitiño atxilotzeko Entzutegi Nazionalak eman duen aginduaren harira, Jon Abrilek exijitu dio Espainiako Gobernuari “utz dezala alde batera mendekuan oinarritutako kartzela politika, eta Gernikako Akordioan eskatzen diogun moduan, giza eskubideak zain ditzala, mehatxu, presio, jazarpen eta tortura mota guztiak desagertzeko urratsak emanez”.