Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aritz Romeok Sayasi eskatu dio bere ibilbide politiko berrian fotomatoi politika albo batera utzi eta Nafarroako benetako arazoez ardura dadila

Aritz Romeok Sayasi eskatu dio bere ibilbide politiko berrian fotomatoi politika albo batera utzi eta Nafarroako benetako arazoez ardura dadila

2009/12/30
  • UPN
  • Aritz Romeo
Aritz Romeo Nafarroako Arakarreko koordinatzaileak Sergio Sayas UPNko bozeramaileari eskatu dio “albo batera utz dezala fotomatoi politika eta behingoz has dadila nafarren onura bilatzen”. Romeoren ustez, “bere burua goratzeko Sayasek egindako adierazpenak ez datoz bat errealitatearekin, UPN zein Nafarroako Gazteen erakundeetan egindako lana ez delako harro egoteko modukoa”.

Zentzu horretan, Nafarroako Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi duenez, “Nafarroako Gazteak ez da gai izan UPNren gazteria politikan eragiteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak bizkarra ematen die gazte nafarren arazoei, gazte elkarteak ekonomikoki itotzen ditu emandako diru laguntzekin eta, jarrera paternalista batekin, gazteria bera antolatzea ekiditen du. Iruñeko Udalean, esaterako, gazteria politika ezkutatuta dago”.

Romeok gaineratu duenez, “familia ereduen politiketan, UPNk ez zituen aintzat hartu Nafarroako Gazteak-en proposamenak, eta horrenbestez, erlijio katolikoak ezarritako familia eredu tradizionala defendatzen jarraitzen dute, eta ez dute onartzen gure gizartea anitza dela eta aniztasun horren barruan pertsonak besteko familia ereduak sartzen direla. Zentzu horretan, UPNk ideia atzerakoiak, ez-zibikoak, zaharkituak, antisozialak, baztertzaileak eta pertsonen askatasunaren kontrakoak ditu familia ereduaren inguruan. Eta Nafarroako Gazteak-ek onartu egiten ditu ideia horiek”.

Etxebizitza arloan, “gazteriaren arazo nagusietako bat konpontzeko Nafarroako Gazteak-ek izan duen ekimen falta ez du zuzendu UPNren politikak, erabat eraginkortasunik gabekoak direlako. Azken datuen arabera, Nafarroako gazteek beren soldataren erdia baino gehiago erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko edo gazteen %10ek atzera egin behar dute beren emantzipazio prozesuan eta gurasoen etxera itzuli behar dira. Era berean, UPNren politikak ez du eraginkortasunik izan Iruñean bakarrik dauden 20.000 etxebizitza huts betetzeko”.

Horregatik guztiagatik, Romeok uste du ez dagoela arrazoirik “Sayasek bere adierazpen handinahitsuak egiteko. Sayasek egin ohi duen fotomatoi politikan kokatu beharko genituzke adierazpenok. Azken bi urteotan, bi jarduera nagusitan aritu da: Berriozarko herria baliatu bere ibilbide politiko pertsonala landu eta herriko giroa txupinazioekin eta kilikiekin nahasteko, eta UPNAko errektorearen kontra egitea, Segiko kartel batzuk agertu zirelako”.

Albiste erlazionatuak