Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aresek Ertzaintzari eman dion mezua “arriskutsua eta desegokia” dela salatu du Aralarrek

Aresek Ertzaintzari eman dion mezua “arriskutsua eta desegokia” dela salatu du Aralarrek

2011/02/04
  • ertzaintza
  • basabe
  • ares
  • manifestazioa
Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresen azalpenak entzuteko zain egon ostean, Aralarrek salaketa jarriko du Ertzaintzaren kontra, “sailburuak emandako azalpen hutsalengatik. Orain arte ez dugu salaketarik jarri, Ares sailburuaren azalpenen zain geundelako. Horiek entzun ondoren, epaileengana jotzea beste erremediorik ez daukagu”. Era berean, “ertzaintzari mezu arriskutsu eta desegokia” eman izana salatu du Basabek: “Aresek gaur eman duen mezua da badagoela herritar bat kolpatzea, ertzain bati galdetzeagatik zergatik kolpatu duen beste herritar bat”. Are gehiago “erasoa izan zena errudun bihurtu nahi izan du esanez, guri dagokigula ustez istiluak sortu zituztenak errefusatzea eta, gainera, aditzera eman du gure kontrako salaketa ere badagoela”.

Ertzaintzak urtarrilaren 27ko greban Gasteizko Dato kalean manifestariak kolpatu izanagatik azalpenak eskatu dizkio Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek Herrizaingo sailburuari gaurko osoko bilkuran. Entzundako “azalpen hutsalak” ikusita, Basabek lehen Ertzaintzaren kontra jarri ez zuen salaketa jarri egingo duela iragarri du. Bere ikuspegiko argi geratu da Aresek Ertzaintzari eman dion mezua “arriskutsua, desegokia, mezu txarra eta ertzaintzarentzat kaltegarria” dela. Izan ere, “esaten ari zarena, herritar bat kolpatzea badagoela, galdetzen duelako”, leporatu dio Basabek Aresi.

Aralarren legebiltzarkideak gogoratu duenez, Gasteizko Dato kalean manifestarien kontra egin zuen ertzaintzak eta hainbat kolpatu zituen, tartean Aralarren legebiltzarkidea bera. Basabek azaldu du istiluak entzun zituenean aurreratu egin zela zer gertatzen zen ikustera; “egoera lasai zegoenean, eta manifestazioan parte hartzen ari zen herritar bat astiro, baina aginduari jarraituz oinez bazihoanean, ertzain batek kolpatu egin zuen bere borrarekin. Nik euskaraz zergatik jo zuen galdetuta, beste batek ni neu kolpatu ninduen. Bere zenbaki profesionala eskatzean berriz kolpatu ninduen, harik eta legebiltzarkidea nintzela esan nion arte. Bere zenbaki profesionala nahi nuela esan nion eta susmoa dut legebiltzarkidea naizelako lortu nuela”.

Aresek gertatutakoaren gainean autokritikarik egin beharrean, ordea, nahiago izan du Ertzaintzari “mezu arriskutsua” eman. Horren aurrean, Aralarrek salaketa politikoa salaketa judizial bihurtzea erabaki du eta kolpatu zuen ertzainaren kontrako salaketa jarriko duela iragarri du. Bide batez, Basabek gogoratu agerraldia egin arte Saileko inor ez dela berarekin harremanetan jarri.