Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarri erantzunez, lehendakariak bere burua zuzendu du kutsatutako okelaren inguruan egindako adierazpenak direla-eta

Aralarri erantzunez, lehendakariak bere burua zuzendu du kutsatutako okelaren inguruan egindako adierazpenak direla-eta

2010/10/22
  • Maeztu
  • Lopez
Aralarren galdera bati erantzunez, Patxi Lopez lehendakariak onartu du urriaren 10ean ETB 2n egindako adierazpenetan erratu egin zela.

Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk galdera luzatu dio Patxi Lopez lehendakariari EAEn saltzen den okelaren kalitatearen inguruan  eta Lopezek  bere burua zuzentzen amaitu du. Lehendakariak ezbaian jarri zuen EAEn saltzen den okelaren kalitatea, eta Alberto Contador txirrindulariak bere ustezko positiboa argudiatzeko eman zuen bertsioa ontzat eman zuen, EAEn erositako okela kutsatuta zegoela, alegia. Maezturen iritziz “gaur lehendakariak bere hanka sartzea zuzentzeko aukera izan du, okerra zuzentzeko aukera izan du eta hala egin du”.

 

Maezturentzat “ustezko positiboa ikertzen ari bada oraindik eta ez bada txirrindulariaren bertsioa egiazkotzat jo, logikoa eta beharrezkoa da lehendakariak herriaren ordezkari moduan hemengo ekoizleen alde egitea, txirrindulari-zale amorratu bat izateari utz diezaiola, alegia” . “Uste dugu kasu horretan, Lopezek, ordezkatzen dituen herritarrak defendatu behar zituela. Beraz, EAEko abeltzainak, harakinak eta okela ekoizleak defendatu behar zituela”, esan du Maeztuk legebiltzarrean.

 

Lopezek bere hutsegitea onartu du. “Onartzen dut, erratu egin nintzen, Euskadin egiten diren kontrolak zorrotzak dira eta kontsumitzaileak produktuak kalitatezkoak direla jakin behar du”, esan du.

 

Hala ere, Maeztuk gogoratu dio administrazio publikoak hemengo ekoizleak lagundu nahi baditu, besteak beste, hemengo produktuen kontsumoa sustatu behar duela. “Administrazioak badauka indar nahikoa bertako produktuen kontsumoa sustatzeko, kalitate handiko produktuak dira gainera, eta horrek osasun publikoaren alde egiten du”, gogoratu du legebiltzarkideak. “Hemen ekoizten den okelaren alde egiten badugu eta hemengo ekoizleak defendatzen baditugu da jakin badakigulako ezinezkoa dela hemen ekoizten den okelak klenbuterola izatea”, gaineratu du Maeztuk.