Aralarren iritziz PSEk eta PPk Legebiltzarrean uko egin diote finantza erakundeei irizpide etikoak eskatzeari
- Economía
- Crisis
Legebiltzarrak finantza erakundeei “hitzarmen etiko” jakina eskatzearen beharrizana aitortzea zen Aralarren asmoa. Hitzarmen etiko horrek lau hanka izan beharko lituzke gaur eztabaidatu den legez besteko proposamenaren arabera: lurraldearen atxikimendua, enpresek, elkarteek eta partikularrek ekonomia errealari egiten dioten ekarpena babesteko; gizarte ekimena, alegia, gizarte-ekintza sortzeko, mantentzeko eta indartzeko konpromisoa; irizpide sozialak, etxebizitza stock-a kudeatzeko orduan; eta gardentasuna, erakundearen operazioen eta kudeaketaren inguruan informazioa argitara emateko.
PSEk eta PPk Aralarren ekimenari erdibideko zuzenketa aurkeztu diote eta jatorrizko proposamena balio gabe hutsi dute. Aralarren legebiltzarkide Dani Maezturen iritziz, “bi alderdien artean egindako proposamenak ez du gaur egungo egoera aldatzeko balio izango eta finantza erakundeek ez dute irizpide etikoekin herritarren dirua kudeatuko”. Besteak beste, PSEk eta PPk Espainiako gobernua egiten diharduen finantza-erreforma babesteko aprobetxatu dute erdibideko proposamenean. Maeztuk adierazi du “erreforma horrek ere ez duela balio izango arazoa konpontzeko”. “Guztiz kontrakoa, finantza erakundeen sektorea banketxe handien mesedetara jarriko da eta euren egoera onbideratzeko orduan ez dute euren erantzukizuna euren gain hartuko”, esan du Maeztuk.
Legez besteko proposamenarekin beste helburu bat ere bazuen Aralarrek. “Finantza arlotik uste bat hedatzen ari dira. Saiatzen ari dira krisiaren jatorrian klase politikoa jartzen. Errealitatea bestelakoa da, kapitalismoaren jatorrian ere finantza erakundeek zeresana izan dute eta euren jarduera arduragabe eta espekulatiboaren ondorioak euren gain hartu behar dituzte”, gaineratu du legebiltzarkideak. “Jakin badakigu ez dagoela gure esku finantza arloa goitik behera arautzea, baina garrantzitsua litzateke, gaur, ganbera honek konpromiso politikoa hartzea eta finantza erakundeei irizpide etikoekin jardutea eskatzea”, bukatu du Maeztuk.


