Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarren ekimenez Legebiltzarrak EiTBko zuzendaritzari eskatu dio, ETB1n egoera aztertu eta neurri zuzentzaileak hartzea

Aralarren ekimenez Legebiltzarrak EiTBko zuzendaritzari eskatu dio, ETB1n egoera aztertu eta neurri zuzentzaileak hartzea

2011/06/23
  • ETB
  • EITB
EITBren zuzendaritzak metodologia jakina proposatu beharko du, ETB1ek ”programazio anitza, orekatu eta euskararekin konprometitua" izan dezan, "galdu duen audientzia berreskuratzeko" .

Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabe “pozik” agertu da bere taldeak sustatutako mozioa Legebiltzarreko talde guztiek babestu dutelako. Aralarrek, EAJ, PSE, PP eta UPyD taldeekin adostu duen erdibideko zuzenketak bere lehenengo puntuan EiTBko zuzendaritza orokorra babesten du, “hasi duen ETB1en egoeraren berrikuspenaren harira”. Bigarren puntuan, Legebiltzarrak zuzendaritzari eskatu dio “ezar dezala lanerako metodologia bat eta proposa dezala lanerako egutegi bat, azterketan jasotzen diren ondorioak aurkezteko eta ondorio horiek hurrengo kontratu programan jaso ahal izateko, ETB1eko programazioan aplikatu ahal izateko 2012ko udaberrian”. Azterketa aurkezteko eta metodologia proposatzeko urtea amaitu arteko epea eman zaio.

Basabek salatu du ETB1k urteak daramatzala “nahikoa baliabide ez dauzkala, giza eta diru baliabide eskasagoekin funtzionatzen eta programazio desegokiarekin”. Legebiltzarkideak Lopezek 2009an emandako hitza ekarri du gogora. Lehendakariak ETB1n eta Euskadi Irratiaren garrantzia azpimarratu zuen eta euren edukien kalitatea hobetzeko konpromisoa hartu zuen. “Aldaketa sakon sakonak behar ditu ETB1n programazioak” adierazi du Basabek, “ikus-entzuleak behar ditu eta euskal hiztunok kalitatezko telebista behar dugu”, gaineratu du.

ETB1ek dituen gabeziak gainditzeko gaur Eusko Legebiltzarrak eman duen urratsa “garrantzitsutzat” jo du Aralarrek, “audientzia berreskuratzeko, programazioa anitza eta orekatua izateko eta euskararekin konprometitua izatea lortzeko”.