Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarren ekimenez, Jaurlaritzak "txartel bakarra" ezartzeko plana aurkeztu beharko du 2011n

Aralarren ekimenez, Jaurlaritzak "txartel bakarra" ezartzeko plana aurkeztu beharko du 2011n

2010/10/28
  • Maeztu
  • Garraio Saila
Dani Maeztu Aralarren legebiltzarkideak gogora ekarri du “1984tik ari garela eztabaida horrekin bueltaka”. “Bada garaia garraio publiko guztietarako erkidego osoan txartel bakarra ezartzekoa , eta Legebiltzarrak gaur eskatu dionaren harira, gobernuak behar den moduan heldu beharko dio gai horri, 2011n garraio publiko guztietan erabilgarri izango den txartel bakarra ezartzeko plana egin dezan”, esan du Maeztuk.

Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu da garraio publikoetan ordaintzeko txartel bakarraren inguruan Aralarrek aurkeztu duen legez besteko proposamena. Jatorrizko proposamenari zuzenketak aurkeztu zizkioten EAJ, PSE, PP, Ezker Batua eta UPyDk. Horiekin batera Aralarrek sinatu duen erdibideko proposamenean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio,  “2011rako jarduera-plana aurkez dezala, EAEko edozein garraio publikotan egiten diren bidaiak ordaintzeko orduan txartel bakarra ezartze aldera". Aralarren legebiltzarkidearen iritziz, “proposamena onartzea aurrerapauso garrantzitsua da, gobernua sostengatzen duten bi taldeak ere sartu direlako  Jaurlaritzari  emandako aginduan: plan zehatza egin dezala emandako epearen barruan".

 

“2011n aurkeztuko den txartel bakarra ezartzeko egitasmoan epeak ezarriko dira eta beharrezkoak diren aurrekontu partidak ere zehaztuko dira”, azaldu du legebiltzarkideak. “Espero dugu bultzada definitiboa izatea, kontu horrekin alboko herriak baino nahikotxo atzeratuagoak gabiltzalako”, esan du Maeztuk. “Aspaldi  ari gara  garraio publikoa ordaintzeko modu erraz eta bateratu bat aldarrikatzen”, gaineratu du, “1984tik, hain zuzen ere, orduko Garraio Zuzendariak Eusko Legebiltzarrean txartel bakarra beharrezkoa zela-eta, gai horretan atzeratuen genbiltzala onartu zuenetik”. “Bada garaia garraio publiko guztietarako eta erkidego guztirako ordaintzeko txartel bakarra ezartzeko eta, Legebiltzarrak gaur eskatu dionaren harira, gobernuak behar den moduan heldu beharko dio gai horri, 2011n txartela ezartzeko plana erredaktatzeko”, esan du Maeztuk.

 

Aralarren bozeramaileak azaldu du “txartel bakarra ezinbestekoa dela, erabiltzaileari garraio publikoa erabiltzeko erraztasunak emate aldera eta garraio pribatuaren erabileraren alternatiba moduan”. “Tarifa politika integral bat aplikatzea ahalbidetzen duen euskarria da eta, era berean,  desplazamenduen kosteetan hobekuntza ekonomikoa ekarriko du; horrek guztiak garraio iraunkortasunaren kontzeptua bultzatuko du”, azaldu du Maeztuk.