Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarren ekimenez eremu elektromagnetikoen neurketak egingo dira ikastetxetan

Aralarren ekimenez eremu elektromagnetikoen neurketak egingo dira ikastetxetan

2010/02/04
  • Maeztu
  • Osasuna
  • Ingurumena
Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu dute eremu elektromagnetikoak neurtzeko ekimena. Aralarrek egin du proposamena, Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen Eskola 2.0 egitasmoak jasotzen duen wi-fi sistema ezartzearen harira. Talde guztiek erdibideko testua adostu dute. Aralarren legebiltzarkide Dani Maezturen iritziz , “eztabaida zientifiko eta politikoari eusteko balioko du gaurko akordioak, wi-fi-a ren uhin elektromagnetikoek osasunean eragin kaltegarriak dituen aztertzen den bitartean. Gainera, bitartean, konexioa kable bidez segurtaturik dago".

Hezkuntza sailak eremu elektromagnetikoak neurtu beharko ditu ikastetxeetan. Aralarrek egindako proposamenaren harira erdibideko testu batera iritsi dira alderdi guztiak. Horrela, wi-fi teknologia darabilten Eskola 2.0-ko ikasgelak martxan jarri baino lehen,  eremu elektromagnetikoen neurketak egin beharko ditu Hezkuntza sailak. Era berean, emaitza horien berri emango da Legebiltzarrean eta Hezkuntza sailaren web-orrian.  

Aralarrek gogoratu du, ordea, alderdia “ez dagoela teknologiaren garapenaren aurka; baina eztabaida zientifikoak eta politikoak bizirik jarraitzen duen bitartean, wi-fi sistemaren ezarpena geroratzea da egokiena”, adierazi du Dani Maeztu legebiltzarkideak. “Ikasleek teknologia eskuragarri izan behar dute, eta Hezkuntza sailak jakin badaki  Interneterako sarbidea gaur egun kable bidez bermatuta dagoela; horrela izatea eskatzen dugu, behintzat eztabaida horrek bizirik jarraitzen duen bitartean”, adierazi du legebiltzarkideak.

“Aralarrek proposamena babestu du informazioa hedatzen jarraituko delako, horrek eztabaida gizarteratuko duelako, eta alarmismoa saihesteko modurik egokiena horixe delako, informazioa hedatzea hain zuzen ere; eta gainera, ondorio tekniko eta zientifikoek ala badiote, wi-fi-aren ezarpena baztertzeko aukera legoke”, azaldu du Maeztuk. “Ikasleak, irakasleak eta gurasoak lasaitu nahi ditugu, eta horretarako Hezkuntza sailaren konpromisoa lortu nahi dugu, herritarrek pairatzen duten esposizioa murrizteko lan egingo duenaren konpromisoa, eremuen kaltegarritasuna frogatzen bada behintzat”, gaineratu du.  

Bukatzeko Aralarren ordezkariak esan du neurketak arauak dioenaren barruan lirateke, baina gogoratu du uhin elektromagnetikoen inguruko araudia “guztiz zaharkituta” dagoela, “2001ekoa delako eta urte horietan teknologian eta osasun arloan aurrerapen ugari izan direlako”.