Aralarren ekimenez, aurrerantzean, ertzainek agerian eraman beharko dute bakoitzaren zenbaki profesionala
- basabe
- ertzaintza
Gure sozietatean ohikoak izaten diren manifestazioetan gertatzen diren istiluak direla eta, askotan auzibidera jotzea ohikoa izaten da, bai herritarrek zein ertzainek. Hori gertatzen denean, baina, herritarrek aurkezturiko salaketak artxibatu egiten dira, salaturiko ertzainak identifikatzerik ez delako izaten. Hori abiapuntutzat harturik, eta ikusita badela zenbaki profesionala agerian darabilten beste leku batzuetako poliziak, Aralarrek Legez Besteko proposamena aurkeztu zuen horixe bera eskatzen Ertzaintzaren kasuan.
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek azaldu duenez, “ohikoa da gure sozietatean herritarrak kalera jotzea, protesta egitera eta mehatxaturik sentitzen dituzten eskubideak defendatzera”. “Baina sarritan, manifestazio eta bilkura horiek poliziaren begirada pean egiten dira, horietan parte hartzen ez duten herritarren eskubideak bermatzeko erabaki hori hartu beharra dagoela irizten diolako Jaurlaritzak”. Horrelakoetan, Aralarren legebiltzarkideak gogoratu duenez, “istilurik ere gertatzen da, eta pertsonak kolpatuak gertatzen dira. Arazoa areagotu egiten da, ordea, auzibidera jotzen denean, ertzaina identifikatzeko modurik ez egotean, herritarrek aurkezturiko salaketak artxibatu egiten direlako. “Horrek gura beste salaketa jartzeko bidea zabaltzen du, baita salaketok biderik ez egitekoa ere. Horregatik eta gardentasunak eskatzen duelako salaturikoa ikertzerik egon dadila, salaketen atzean zer dagoen argi izateko guztiok, ezinbestekotzat jotzen genuen Ertzaintzak zenbaki profesionala bistara izatea”.
Basabek azaldu duenez, gainera, “Ertzaintzako profesionalekin harremanetan izanik Legez Besteko Proposamenaren testua oso zehatza egin genuen, segurtasuna emateko biei, bai herritarrei eta baita ertzainei ere eta horregatik sartu genuen kode bikoitza erabiltzea zenbaki profesionala uniformean jartzean. Uste dugulako herritarrek pertsona zehatzen kontra salaketa jartzeko duten eskubidea babestu egin behar dela, eta baita ere ertzainen zenbaki profesionala ere”. Gauzak horrela beraz, aho batez onartu den ekimenak Ertzaintzari agintzen dio zenbaki profesionala bistara eramatea euren uniformeetan eta zenbaki horrek kode bikoitza izan dezala, segurtasun neurri modura.


