Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarren ekimenez, Asiako liztorra desagerrarazteko ekimenei bultzada eman dio Eusko Legebiltzarrak

Aralarren ekimenez, Asiako liztorra desagerrarazteko ekimenei bultzada eman dio Eusko Legebiltzarrak

2012/02/21
  • Ingurumena
Alderdi abertzalearekin batera, EAJk eta PPk idatzitako legez besteko proposamena onartu da Eusko Legebiltzarreko Ingurumen batzordean, Autonomia Erkidegotik Vespa Velutina liztor inbaditzailea desagerrarazteko.

Espezie honek kalte garrantzitsuak sortu dizkie Gipuzkoako erlezainei, Vespa Velutina deritzon liztorrak erle autoktonoak jaten dituelako. Aitzitik, arazoa ez da bakarrik eztia eta beste produktu batzuk produzitzen dituzten erlezainena. Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk azaldu duen moduan, arazoari “izaera orokorragoa eman behar zaio. Bioaniztasuna ere mehatxatua dago, erlea delako polinizazioan parte hartzen duten elementu guztien artean garrantzitsuenetakoa. Liztorra egoteak erleen kopurua jaistea ekartzen badu, ondorioak bioaniztasunean ere nabaritu daitezke”.

Legebiltzar talde guztiek aldeko bozka eman diote jatorriz Aralarrek, EAJk eta Alderdi Popularrak aurkeztutako legez besteko proposamenari. Horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Vespa Velutina liztor inbaditzailea desagerrarazteko plana egitea, kaltetutako aldundiekin elkarlanean eta mugakide diren lurraldeekin koordinatuta. Maeztuk garrantzia eman dio Frantzia eta Iparraldeko erakundeekin egin behar den elkarlanari, “Frantzian arazo honen inguruko informazio gehiago dute, liztorra 2004tik dutelako, eta euren esperientzia aprobetxatu dezakegu liztorra desagerrarazteko”.