Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarreko gazteek bakeaz eta normalizazio politikoaz hitz egiteko foroa proposatuko diete gazte eragile politikoei

Aralarreko gazteek bakeaz eta normalizazio politikoaz hitz egiteko foroa proposatuko diete gazte eragile politikoei

2010/11/18
  • Iratzarri
Euskal Herri baketsua eta bakezalea beharrezkoa dela uste du Iratzarrik, Aralarren gazte erreferenteak, eta hori lortzeko lan egiteko konpromisoa dauka. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Donostian Laida Elizegi, Andoni Estefania eta Fabio Gonzalez Iratzarriko bozeramaileek, eta bertan proposamen hau aurkeztu dute: Euskal Herriko gazte eragile politikoekin batera eztabaidarako foroa sortzea, bakeaz eta normalizazio politikoaz hitz egin ahal izateko. “Lehenengo fasean, Iratzarrik bitariko bilerak izango ditu eragileekin, eta minimoak adostu ondoren, gure proposamena foro irekia egitea izango da”.

Iratzarriren bakerako proposamenak

 

Hauek dira Iratzarriren ekarpenak bakegintzarako:

 

Euskal Herri baketsua: Iratzarrik uste du gure herriak bake egoera behar duela, non posible izango den bide zibil eta politiko hutsetatik defendatutako jarrerak garatzea. Gizarte honek bakea exijitzen du eta edozelako indarkeriarik eragiten ez dugunok bakerako eskubidea dugu. Bakea eta Euskal Herriaren Independentzia lotzea gaitzesten dugu Aralarreko gazteok, jarrera hori kontrara ere defendatu dezaketelako batzuk, Batallón Vasco-Español, Triple A eta eskuin muturreko beste talde batzuk bere garaian egin zuten bezala. Independentistak eta ezkerrekoak garen heinean, ETAri exijitzen diogu su-eten behin betikoa, aldebakarrekoa eta berehalakoa emateko egiten zaizkion eskaerak entzun ditzala, eta hori armak behin betirako uzteko borondatearen erakusle izan dadila. ETAk ez du lehia militarrik Estatuarekin eta, gainera, eragiten duen sufrimendua ezin da arrazoitu.

 

Euskal Herri bakezalea: Guztion giza eskubideekiko konpromiso aktibo eta militantedun Euskal Herria aldarrikatzen dugu Aralarreko gazteok. Herri honetako kultura politikoa berrasmatu behar dugu eta egin dezakegu. Jakitun gara Espainiako Estatuak Euskal Herria erabat militarizatua daukala, baina horren aurrean, Bakearen aldeko jarrera irmoa duten herritarrak behar dira, egoera hori denboran luzatu ez dadin. ETAren amaiera antolatua izan behar da egoera hori bideratuko duena. Gainera, herri honetako gehiengo demokratikoak Euskal Herriko erabaki esparru ezberdinetan erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea bultzatu eta bermatuko duela deritzogu. Herri eta gizarte Baketsu batek konponbide baketsuak behar ditu bere gatazka politikoetarako, eta autodeterminazioa horietako bat da. Hemendik urte batzuetara, eskubide hori praktikan jarri ahal izango denean, Iratzarri independentzia defenditzen dutenen artean izango da.

 

- Euskal Herria gazteona: Euskal Herri berriak pertsona berriak behar ditu. Gazteon ekarpena bakegintzan ezinbestekoa izan daiteke, horretarako kalean errealitatea dena maila politikora eraman behar dugu: Euskal Herriko gazteak askotarikoak dira, elkarrekin ikasten dugu, elkarrekin lan egiten dugu, elkarrekin ateratzen gara, elkarrekin bizi gara. Beste belaunaldiek lortu ez dutena guk geuk lortu behar dugu, etorkizuna irabazi behar dugu. Zentzu honetan, gaurtik hasita Euskal Herriko gazte eragile politiko ezberdinei eztabaidarako forua proposatuko diegu, bakeaz eta normalizazioaz hitz egin ahal izateko. Lehenengo fasean Iratzarrik bilera bilateralak izango ditu eragileekin, eta minimoak adostu ondoren gure proposamena foru bat burutzea izango da, denei irekita.