Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Zabaleta sailburuaren agerraldia eskatu du azal dezan nola gauzatuko duen genero ikuspegia lana sustatzeko politiketan

Aralarrek Zabaleta sailburuaren agerraldia eskatu du azal dezan nola gauzatuko duen genero ikuspegia lana sustatzeko politiketan

2010/05/11
  • berdinatsuna
  • ezenarro
  • lana
Joan zen asteko plenoan Aralarren ekimena atzera bota zenez, %50 emakumeentzat gordetzea, “ezinbesteko deritzogu sailburuak bere gobernuaren ekimen zehatzen berri ematea”

 

Legebiltzarrak, joan zen osteguneko plenoan, eta Aralarren ekimen baten haritik, onartu zuen gobernuari eskatzea sustatzen dituen enplegu politiketan ekintza positiboak aurrera eramatea emakumeen laneratzea bultzatzea. Horren haritik, Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok beharrezkotzat jo du “hori gauzatzeko gobernuak zer egin asmo duen azal dezan”. Hori dela eta, Gema Zabaleta enplegu eta gizarte politika sailburuaren agerraldi eskaria egin du Ezenarrok Eusko Legebiltzarrean. Ezenarroren iritziz, “ustez bat egiten dugu denok genero ikuspegia gobernuaren ekintza guztietan txertatzeko helburuarekin”. “Kontuan izanda parlamentuak onartu zuena testu orokorregia zela, eta guk proposatutako aurrerapausoa ez zela onartu, zehaztasun falta horrek beharrezko egiten du sailburuaren azalpenak izatea”, azaldu du Aralarren bozeramaileak.

Aralarrek plenora aurkeztutako bere ekimenean eskatu zuen gobernuaren enplegua sustatzeko programetan aurreikus zezan enplegu programetan lanpostuen %50 emakumeei zuzenduta egotea. PSEk eta PPk, ordea, nahiago izan zuten testu orokor baten alde egitea.

Gainera, eta jakinda Gema Zabaletak zuzentzen duen departamenduak behin baino gehiagotan adierazi duela genero ikuspegia lan politiketan gauzatzeko neurriak hartuko dituela eta, zehazki, Lantokiko giroaren kalitateari buruzko dekretua egin asmo duela, Ezenarrok propio eskatu dio Zabaletari “datorrela Legebiltzarrera dekretu hori bereziki eta, orokorrean, genero ikuspegia lana sustatzeko politiketan nola gauzatuko duen azaltzera”.