Arabako Batzar Nagusietako araudiak ematen dion eskumenean oinarrituta, Iñaki Aldeko Aralarreko Arabako batzarkideak Xabier Agirre diputatu nagusiak Foru Administrazioaren Batzordean agerraldia egitea eskatu du. Hala, Tokiko Administrazioko eta Lurralde Orekako diputatuaren prozesamenduaz, horrek Diputazioan eragingo dituen ondorio politiko eta judizialez eta erakundea babesteko diputatu nagusiak hartuko dituen neurriez informatzea eskatu dio. Era berean, ikerketa mahaia eratzea eskatuko du Aldekoak, prozesatutako eta foru gobernuaren erantzukizun publikoak zenbatekoak diren argitzeko.
Herrialdeko agintari politiko
garrantzitsuen atxiloketen egunean aurreratu zuen bezala, Aralarrek ekimena
hartu du. Era berean, gainontzeko batzarkide taldeen utzikeria salatu nahi du.
Izan ere, atxiloketen egunean adierazpen gogorrak egin zituzten, baina hori
guztia beren aurpegia zuritzeko izan da, beste ezer ez dutelako egin.