Aralarrek V. biltzarreko txosten politikoa aurkeztu du
- biltzarra
- kongresua
- zabaleta
Aralarrek etorkizuneko ezker abertzaleari egiten dion ekarpen etikoa eta koherentziazkoa aldarrikatzen du V. biltzarrari begira; "egoera politiko berri honetan, bakegintza eta normalizazioari begira, Aralarren ekarpena gauzatu behar da postulatu etikoetan eta koherentzia politikoan, demokraziaren eta ezkerraren betekizunetatik abiatuta", azaldu du Aralarren koordinatzaile Patxi Zabaletak. Horrekin batera, ezinbestekotzat jotzen du Aralarrek biktimen eta presoen auziari soluziobidea ematea; "ezin dugu herri honetako gatazka politikoa konpon dadin zain geratu presoen eta biktimen auziari soluziobidea emateko".
Era berean, IV. Biltzarrean ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko bidean beharrezkotzat jotzen eta onartu ziren bost irizpideak gogoratu ditu Zabaletak:
- Bide zibil eta politikoen aldeko apustua; ez bakarrik bide pragmatikotik, baizik eta etikotik.
- Alderdiaren egitura errespetatzea, militantziak eta afiliatuek dituzten eskubideak errespetatuz.
- Ezker abertzalearen aniztasuna elkar onartzea, beti izan delako anitza.
- Beharrezkoa da errealismotik abiatzea, dagoen errealitatea onartuz, hau da, erabakitzeko eskubideari dagokionez Hego Euskal Herrian dauden erabakigune biak errespetatuz.
- Europar hiritartasunaren aitortzea eta aldarrikatzea
Joan zen astean banatu zen txosten politikoa Aralarren militante guztien artean eta, orain, militantziak dauka abuztuaren 15era arteko epea zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Militanteek aurkezten dituzten zuzenketak Aralarren Hegoaldeko Batzordeak aztertuko ditu eta, bere egiten ez dituenak eta behar adinako babesarekin aurkeztutakoak biltzarrera eramanen dira.
Txosten politikoaren helburua zera da jakina, erkide edo militanteen arteko azterketa eta eztabaida politikorako oinarri eta gai izatea. Beraz oraingoz, txosten-gaia baizik ez da, militante guztien eztabaida politikoaren ondoretik aterako baita behin-betiko Aralarren V. biltzarreko txosten politikoa.
Nahiz eta txosten politikoaren atal batzuk dagoeneko azaldu diren komunikabideetan, uste dugu garrantzitsua dela bere osotasunean jakitera ematea.
Hegoaldeko Batzordeak adostasuna ia osoarekin onartu txosten hau eta izan diren salbuespen bakarrak ez dira edukiari dagozkionak, baizik eta soil soilik proposamen batzuen hitzetako formulazioari. Beraz, zuzendaritzaren babes osoa du.
Aralarrek bere V. Biltzar honetarako prestatutako txosten-gaia den dokumentu honetan berretsi egiten du bere orain arteko ildo politikoa osotasun guztian, bakea, normalkuntza demokratikoa eta ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko bidean. Espreski eta zehazki adierazten da txosten honetan orain arteko ildo politikoari eutsi behar diogula indar eta kemen osoz; arlo honetan aipatu nahi dugu zehazki Aralarrek bere IV. kongresuan erabakitako ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzea eta horretarako dauden ezinbesteko oinarriei eta bete behar diren baldintzei begiratu behar diegula.
Aralarrek bere bosgarren kongresu edo biltzarra datorren udazkenean eginen du, hasiera batean urriak 1an daukagu data zehaztua, baldin eta arreta berezia eskatuko lukeen gertakari bereziren bat gertatuko ez balitz. . Besteak beste, hainbestetan aipatzen den hauteskunde orokorren balizko aurreratzeak baldintzatu lezakeelako data horien zehaztea. Tokia oraindik zehaztu gabe daukagu.


