Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek uste du ezinbestekoa dela arrazoi politikoko presoen aldarrikapenak aintzat hartzea, bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egiteko

Aralarrek uste du ezinbestekoa dela arrazoi politikoko presoen aldarrikapenak aintzat hartzea, bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egiteko

2012/01/03
Indar politiko eta sozialei, eta herritarrei oro har, hurrengo larunbatean espetxe politika aldatzea eskatzeko Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die Aralarrek. “Gernikako Akordioak, ibilbide-orria den neurrian, jasotzen dituen bakegintza eta elkarbizitza bultzatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da arrazoi politikoko presoen aldarrikapenak aintzat hartzea eta bultzatzea”, esan du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, gaur goizean, Iruñean, Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzailearekin batera, eskainitako prentsaurrekoan.

Zabaletak adierazi du 2012. urtea “garrantzitsua eta erabakigarria” izango dela arrazoi politikoko eta kontzientziko euskal presoen aldarrikapenak eta eskubideak bultzatzen jarraitzeko, “eta bere momentuan, amnistia aldarrikatzeko”.

Aralarreko koordinatzaileak gogoratu du Donostian egindako Bake Konferentzian dei egin zitzaiola elkarrizketari eta demokrazian sakontzeari, eta Gernikako Akordioa sinatu duten indar politiko eta sozialek arrazoi politikoko biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko agiria aurkeztu zutela, elkarbizitzako eta bake egoera batean, irabazlerik eta galtzailerik gabeko egoera batean. “Euskal presoen aldarrikapenak aintzat hartzeko unea ere bada hau, justiziak berak exijitutako espetxe politika aldatzea aldarrikatzetik hasita”, azpimarratu du.

Zentzu horretan, Zabaletak aipatu du Gernikako Akordioan ohartarazten dela gaixorik dauden presoei ez zaiela behar bezalako arretarik eskaintzen, zigorrak beteak dituztenak aske utzi behar direla, “Parot Doktina” indargabetu behar dela eta salbuespezko legeek eta epaitegiek ezarritako zigorrak berraztertu behar direla, zaharkituak geratu direlako.

Aralarkideak albiste