Aralarrek terrorismoaren kontrako beren hitzarmenean Amnesty Internationalen txostena sartzeko prest dauden galdetu die UPN, PSN eta IUri
- Nafarroa
Nafarroako Aralarren zuzendaritzak dei egin die hitzarmen hori defendatzen dutenei, batez ere PSN eta IUri, Amnesty International erakundeak bere txostenean jasotzen dituen giza eskubideen urraketak hitzarmen horretan jasoko dituen edo ez argitzera. Ezin dugu ahaztu Nafarroa Baik bi aldiz eskatu duela Amnesty Internationalen agerraldia parlamentuan txosten horretako ondorioak azal ditzan, baina UPNk eta PSNk ez dute onartu eskaera hori.
Edozein hitzarmenen oinarria izan behar da inolako bazterkeriarik gabeko giza eskubide guztien defentsa eta giza eskubideen urraketen salaketa, horien jatorria edozein dela ere. Urraketaren jatorria ETA izan, eskuin muturreko taldeak izan edo berriki Falangeak gure erkidegoan egindakoak izan, guztiak salatu behar dira. Eta salatu behar da atzo salatutako balizko bahiketa —segurtasun indarrek ordu batzutan Iruñeko bizilagun bat bahituta izan omen zuten—. Eta salatu behar dira Estatuko Segurtasun Indarrek legez kanpo egin ditzaketen jarduerak.
Hitzarmen horren filosofia eta edukiaren oinarria eskuineko ideologietan eta ideologia totalitarioetan kokatu behar dira. Era berean, ekimen horrek badauka intentzio politiko eta partidista bat Nafarroa Bai eta Aralarren kontra.
Hitzarmen horren bitartez, milaka herritarri bere eskubideak ukatu nahi zaizkio, eta gaur egungo legediak ordezkari politikoak hautatzeko eta ordezkaritza politikoa ezartzeko jartzen dituen mugetatik haratago doa. Hitzarmen honen bidez babes politiko eta soziala eman nahi zaie abian dauden jarduera judizialei eta polizialei. Jarduera horiek ez doaz delitugileen kontra bakarrik; hitzarmenaren bultzatzaileen gustukoak ez diren ideia eta proiektuak babesten ez dituztenen kontrakoak dira.
Hitzarmen hori Nafarroako gizarteak ez du eskatzen, eta ez du behar. Borondate frentista batekin jaio da, gizartean amorrua eta gatazka sortzeko asmoarekin. Gainera, ETAren indarkeriaren biktimak bakarrik hartzen ditu kontuan, eta ahaztu egiten du beste esparru eta estamentu batzuek ere eskubideak urratzen dituztela; baina hori ahaztu egiten dute hitzarmenaren sustatzaileek.
Era berean, hitzarmen horren ildo edo balore nagusiak izan beharko lirateke Nafarroako gizartean aniztasun politiko eta soziala sustatzea, horiek errespetatzea eta arazoak konpontzeko elkarrizketaren bidea bide egokiena dela zabaltzea.
Albiste erlazionatuak
Nafarroa
- Lopezek Nafarroako gobernuarekin sinatutako akordioa “gaizki negoziatu zela” salatu du Aralarrek plenoan
- Nafarroako Aralarren asanbladak Artikan hartutako erabakia berretsi du
- Aralarrek salatu du Otsaportillo leizeko monumentuaren aurkako eraso faxista
- Nafarroako Aralarrek NaBairen aldeko apustua egin du eta "ahal den alderdiekin hitzarmenak sinatzea eskatu" du


