Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek txarretsi egiten du Estrasburgoko Auzitegiak Batasunaren legez kanporatzea berretsi izana

Aralarrek txarretsi egiten du Estrasburgoko Auzitegiak Batasunaren legez kanporatzea berretsi izana

2009/11/11
  • Batasuna
  • Estrasburgo
  • Jon Abril
  • Estrasburgoko epaitegia
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Batasunaren legez kanporatzea berretsi izana txarretsi du Aralar alderdiak. Jon Abril koordinatzaileordearen ustean, “atzerapauso” larria da sententzia, “oinarrizko eskubideen kontra doalako, eta segurtasuna aintzatesten duelako eskubideen aurrean”.

Estrasburgoko ebazpena “kontserbadorea eta atzerakoia da. Segurtasuna askatasunen aurrean jartzen du, eskuin muturreko indar politikoen ildo ideologikoak defenditzen duenarekin bat eginez, eta giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak bigarren maila batean utziz”.

Beldur soziala askatasunak murrizteko argudio bezala erabiltzea “bigarren mailako estatua dela eta askatasunak kudeatzeko gaitasun falta duela” uzte du agerian.

Halaber, Aralarrentzat larria da Estrasburgok tramitera ere ez onartu izana Batasunaren helegitea. “Defentsarako eskubidea bera urratu dute, eta ez da berme nahikorik izan Batasunak bere legez kanporatzearen aurrean defentsa irmoa egin ahal izateko”.

Abrilen aburuz, “Europak eredu izan behar luke eskubideen defentsan, ez soilik Europatik kanpo, Europan ere eskubideen sakontzean eta zabaltzean lan egin behar luke”. Aralarrek gogorarazi nahi du, “azken hamarkadetan Europan sortu diren estatuak eskubideak zabaltzetik sortu direla, autodeterminazio eskubidea praktikara zabalduz. Hala gertatu zen Alemanian, Txekian, Eslovenian edota SESB ohiko errepubliketan. Espainiak, aldiz, kontrako bidea darama, eskubide indibidualak zein kolektiboak murriztuz”. “Askatasuna, soilik, askatasun gehiagorekin lortuko dela” oroitarizu du Abrilek.